Lankidetza eta senidetza programetako ekintzak gauzatu dituzte Darahliko kooperanteek errefuxiatuen kanpalekuetan

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 8a, 11:30

Darahli elkarteko bost kooperante Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dira egunotan abian jarritako lankidetza eta senidetza programen barruan jasotzen diren ekintzak gauzatzen. 

Pasa den ostiralean, abenduaren 2an, abiatu ziren Zumaiako Darahli elkarteko bost kooperante Saharako desertura, Tinduf hiritik hurbil dauden errefuxiatuen kanpalekuetara. Astebeteko egonaldian, Euskal Herritik abiatutako zenbait lankidetza eta senidetza programen barruan jasotzen ziren ekintzak gauzatu dituzte. 

Esaterako, behar handia duten 30 familiari 100 euroko laguntza eman diete, baita beste 40 familiari ur deposito bana eraman ere. Oporrak Bakean programaren barruan, berriz, eskualdeko harrera familiek bidalitako opariak ere banatu dizkiete kanpalekuetako haurrei. 

Horrez gain, datorren urteko udaberrian Zumaiako ikasle talde batek egingo duen bidaiarako xehetasunak ere lotzen aritu dira Darahliko kideak.