Gabonetako azoka txikia zabaldu dute bost emakume ekintzailek Flowers & Co. saltokian

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 5a, 19:00
Astebetez izango da zabalik Gabonetako azoka txikia.

Aurten ez oparitu betikoa. Oparitu esperientziak lelo hartuta zabaldu zituen ateak atzo, igandea, eta hilaren 11ra artean izango da irekita. Apaingarri, moda nahiz kosmetiko tailerrak ere emango dituzte. 

Tokiko merkatari eta ekintzaile talde batek Gabonetako azoka txikia zabaldu du beste urte batez kirol portuan, Flowers & Co. establezimenduan. Atzo izan zen irekiera, eta harrera beroa izan zuen azokak, ehun bisitaritik gora izan baitzituen lehen goizean. 

Lucia Irureta diseinatzaile grafiko eta branding-ean adituak azaldutakoaren arabera, lankidetzan aritu dira aurtengoan beste ekintzaile batzuekin, tailerren bitartez beren lanbidea bezeroekin parteka dezaten. Tokiko merkataritzaren eta kontsumoaren esperientzia "erakargarri eta dinamiko" bihurtu nahi dute, bai merkatarientzat eta baita bisitarientzat ere. 

Ondorengoak dira, hain zuzen, tailerrak eta bestelako ikastaroak eskainiko dituzten ekintzaileak: Nahia Lafuente (Iturri Enea) diseinatzailea, Itxaso Curiel (Coro Prieto) makillatzailea, Maiane lurrindegiko kideak, Aitziber Badiola estilista eta Flowers & Co. bertako kideak. Antolatzaileek jakinarazi dute doakoak direla tailer batzuk eta ordainpekoak besteak. Edozein kasutan, pozarren dira, horietako batzuetako plazak 24 orduan baino gutxiagoan bete direlako. 

Administrazioaren laguntza nahikoa ez dela irizten diote, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen dituzte halako ekimenak Zumaiari bizitasun handiagoa emateko. Iruretaren arabera, kontsumo hutsa baino zerbait gehiago eskaintzen du ekimen honek herriaren ekonomia eta bizitza suspertzeko. Emakume ekintzaileen artean sinergiak sortu, saltokietatik kanpo elkartu, komunitatea egin eta zerbait erakargarria sortzeko xedea dute bat eginda. 

Igandera bitarte egunero izango da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Edozein zalantza argitzeko, 669 748 092 telefonora deitu daiteke.