Josu Uranga: "Ikasketaz arotza naiz, eta beti izan dut arotzerian jarduteko gogoa"

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 5a, 17:00
Argazkia: Onintza Lete Arrieta.

Arotza zuen aitona, eta lanbide hori ikastea erabaki zuen Josu Uranga Ostolazak (Zumaia, 1966) gaztetxotan. Ordea, arotz ez beste lanbide mordoa ezagutu ditu ordutik, aurten arte. Izan ere, dirulaguntza bati esker, urtebeterako Albaola Itsas Kultur Faktoriara joan da San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen laguntzera, Zumaiako udaletxeko brigada lanetik baimena hartuta. Azaroko BALEIKE aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Aurreneko sei hilabeteak pasatuta, pozez zoratzen dago. 

Ikasketaz arotza zara, eta aurten, hainbat ofiziotan aritu eta gero, gustuko duzun horretan ari zara.

Hala da, bai. Azken urteetan Zumaiako udaletxeko brigadan nabil lanean, baina ikasketaz arotza naiz, eta beti izan dut arotzerian jarduteko gogoa. Beduola elkarteko kidea ere banaiz; aspalditik harreman handia daukagu Albaolakoekin. Bere garaian, neuk esan nien egunen batean arotz bat behar bazuten, akordatzeko nirekin. Eta, halaxe, aurten deitu didate urtebeterako dirulaguntza bat zutelako arotzak eta laguntzaileak kontratatzeko. Udaletxean eszedentzia hartu, eta hantxe nabil udaberritik. 

Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Oso ona. Neuk nahi nuen zerbaitetara joan naiz: niretzat amets bat betetzea bezalakoa da. Lan bat da, bai, baina baloratua sentitzen naiz. Albaolan gabiltzan gehienok, gainera, nahi dugulako gaude han, eta hori asko nabaritzen da.

San Juan ontzi ikusgarrian ari zara lanean. Zer iruditu zaizu ontzia bera?

Ontzia lehendik ere ezagutzen nuen, baina, hala ere, sekulakoa da, marabilla bat. Gero, egunero lanera joaten zarenez, ohitu egiten zara; jatetxe onenera ere, egunero joaten bazara, gauza bera gertatuko da. Baina, hala ere, sekulakoa da haritz eta egur kantitate horrekin aritzea.

Zer lan egiten duzue? 

Orain oso polita dago ikusteko: ikasle talde bat forroarekin ari da lanean, hau da, kanpoko oholekin, eta gu, batez ere, ari gara barrua osatzen; barrua, oso xumea izan arren, zamaontzia delako, pieza asko-asko ditu. Ni pieza oso handiak mozten eta jartzen ari naiz.  

Egia al da planorik gabe aritzen zaretela?

Bai. Albaolakoen arabera, hau zen garai hartako [XVI. mendea] NASA, beste inon egiteko gai ez ziren ontziak egiten zirelako hemen. Ez zuten planorik egiten, espioitzaren beldurragatik. San Juan Kanadan hondoratu zen, eta 500 urtez egon zen ur azpian. Ura oso hotza denez, egoera onean aurkitu zuten 1990eko hamarkadan, eta hango Gobernuak ikerketa zabala hasi zuen; itxuraz, inoiz egin den indusketa garrantzitsuena. Datu pila bat atera zituzten, eta horregatik dakigu gutxi gorabehera nolakoa zen. Gure lana mantsoa da, batetik orain ez dagoelako orduko jakinduria, eta bestetik, gureak baduelako ikerketatik ere.

Zer esan nahi duzu?

Adibidez, gertatu izan zaigu, halako piezak halako tokitan jartzea pentsatu, eta jartzen hasitakoan, konturatzea ezin dela modu horretara egin, azpian zerbait dagoelako. Eta orduan, pentsatu beharra nola egin daitekeen. Dena den, arotz batentzat oso lan polita da hau; lan oso fisikoa ere bada, bestetik. Neka-neka eginda amaitzen dut! Batelekin ohituta gaude, oholtxo bat hartu eta jarri, probatu, kendu, berriz jarri... Albaolan gauza bera da, baina 50-60 kiloko piezekin. 

Beduolako kidea zara. Zertan ari zarete orain?

Beduolan proiektu txikiak egiten ditugu, pixkanaka, baina, gure asmo gorena da Beduan zegoen ola, nik umetan ezagutu nuena, berreraikitzea. Basusta baserriko Joxe Osa arotza daukagu taldean, eta dinamika handia dugu hari esker: iaz, esaterako, Hiru Anai batelaren erreplika egin genuen. 

Etxetik jasotako afizioa al duzu hau?

Batelena, ez; arotza izatearena, bai. Aitona nuen arotza: Periko Ostolaza, herrian oso ezaguna. Txikitan, udan eta joaten nintzen aititari laguntzera tailerrera; aulkiak egiten eta ibiltzen nintzen. Gerora ere haren laguntzaile ibili nintzen, jubilatzeko ordua iritsi baina erretiratzeko asmorik ez zuelako. Ederra zen, ba!