Garaipenaren bila aterako dira Beaskoetxea eta Lopez Winter Serieseko seigarren jardunaldian

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 5a, 09:00
Beaskoetxea eta Lopez txapelketako bigarren jardunaldiko une batean. (Andoni Iparragirre-Guk Jai Alai)

Gernikan jokatzen ari diren Jai Alai Winter Series txapelketako seigarren jardunaldia jokatuko da gaur. Beaskoetxeak eta Lopezek osatutako bikoteak Urko Lekerika eta Minvielle izango dituzte aurkari. 

Ligaxkako lehen faseko neurketa guztiak jokatuta, pasa den astean ekin zioten Jai Alai Winter Series txapelketako ligaxkaren bigarren faseari. Gaur Imanol Lopez zumaiarraren txanda izango da. Diego Beaskoetxearekin osatu du bikotea txapelketa honetan, eta Urko Lekerika eta David Minvielle izango dira aurkariak Gernika Jai Alai frontoian jokatuko den seigarren jardunaldiko neurketan. Partida 19:30ean jokatuko da, eta giro ezin hobea izango dute harmailetan, sarrerak agortuta baitaude. Neurketa gaueko 22:25etik aurrera emango du Euskal Telebistako lehen kateak.

Bai ala bai irabazi beharreko partida izango da Beaskoetxea eta Lopezentzako. Lehen faseko partidan 2-0 emaitzarekin galdu zuten Goikoetxea eta Etchetoren aurka, eta gaur egun B multzoko sailkapenean laugarren dira, punturik gabe. Gaur aurkari izango dituzten Urko Lekerika –Tambourindeguyren ordez ari da jokatzen hura lesionatu zelako– eta Minvielle hirugarrenak dira sailkapenean –2-1 galdu zuten lehen faseko partidan– puntu batekin. Diegok eta Imanol txapelketan aurrera egin nahi badute gaurkoan garaile suertatu beharko dute.