Gipuzkoako zesta-punta txapelketako finalak jokatuko dira bihar Aitzurin

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 2a, 16:00
Iazko txapelketan ere aritu ziren Zumaiako puntistak.

Larunbatean Aitzuri frontoian jokatuko diren finalekin amaituko da Gipuzkoako zesta-punta txapelketa. Zumaiako Kirol Elkarteko hiru bikote heldu dira azken partida hauetara.

Zumaiako Aitzuri pilotalekuak hartuko ditu bihar Gipuzkoako zesta-punta txapelketako finalak. 16:30ean hasiko dira eta lau izango dira jokatuko diren partidak: bi senior mailan eta bana kadete eta jubeniletan. 

Zumaiako Kirol Elkarteko hiru bikote heldu dira finaletara, hirurak ere senior mailan. Senior 1 kategorian, arratsaldeko lehen partidan, Cosme Agirre eta Unai Urangak osatutako bikoteak Danok Bat klubeko ordezkariak izango ditu aurkari. Senior 2 kategorian, berriz, zumaiarren arteko dema izango da: Gonzalo Agirre eta Julen Cabanillas (Zumaia 2) eta Eduardo Agirre eta Ander Ureta (Zumaia 1) kantxaratuko dira txapelaren bila. Jardunaldiko laugarren eta azken neurketa jokatuko dute bi bikote hauek.

Kadete eta jubenil mailako finalak ere jokatuko dira Aitzurin. Kadetetan, Hondarribia 1 eta Danok Bat neurtuko dira, eta jubeniletan Danok Bat eta Hondarribia 2.