Martxan da Zumaiako XXIV. erakusleiho lehiaketa

Mireia Galarza Bastida 2022ko aza. 27a, 13:00
Gertu merkataritza elkarteko kideetako bat.

Ekimenaren helburua da "inguruko merkataritza jarduera eta erakuslehioen inguruan egiten den esfortzua sustatzea". Lehiaketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 2a, egun hori barne, izango dute azkenengo eguna.

Gertu merkatari eta ostalari elkarteak antolatuta, martxan da Gabonetako XXIV. erakusleiho lehiaketa. Ekimenaren helburua da "inguruko merkataritza jarduera eta erakuslehioen inguruan egiten den esfortzua sustatzea".

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 2a, egun hori barne, izango dute azkenengo eguna, eta 638 004 576 telefonora deitu edo zumaiaelkartea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. Datu hauek eman beharko dituzte parte hartzaileek: saltokiaren izena, lehiaketan parte hartuko duen erakuslehioaren helbidea eta kontakturako telefono zenbakia. 

Horretaz gain, parte hartzen duten erakuslehioek prest egon beharko dute abenduaren 9rako, eta ezingo dira kendu hilaren 26ra arte. Gainera, Gertuko kideek adierazi dutenez, elkarteak banatutako parte hartzaile txartelak "ongi ikusteko moduan" egon beharko du; bestela, lehiaketatik "kanporatuta" geratuko da saltoki hori. 

Sariei dagokionez, bi sari mota egongo dira, epaimahaiaren saria eta herritarren saria. Epaimahaiaren sarian lehenengo postua lortzen duenak 300 euro eskuratuko ditu, eta bigarren sailkatzen denak, 200. Herritarren saria 100 eurokoa izango da, eta Facebook bidez egingo dute. Hemen ikus daitezke baldintza guztiak.