Saltokiek azaroaren 30era arte eska dezakete errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntza

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 23a, 12:00

Kanpoko errotuluak, toldoak, erakusleihoetako itsasgarriak eta bestelako euskarriak euskaraz jartzeko dirulaguntza jasoko dute establezimenduek. Gaur zortzi, datorren asteazkena, izango da eskakizunak aurkezteko azken eguna. 

Aurten ere herriko merkatariei dirulaguntzak bideratuko dizkie udalak beren errotulu, toldo, itsasgarri edo bestelako euskarriak euskaraz jar ditzaten. Errotulazio elementuaren kostuaren % 50 lagunduko du diruz udalak, beti ere 300 euroko muga gainditzen ez badu. Eskatzaileek azaroaren 30a izango dute eskakizunak aurkezteko azken eguna.

Zenbait baldintza bete beharko dituzte, halaber, saltoki horiek. Helbide fiskala Zumaian izan beharko dute, zerga betebeharrak eguneratuta, eta toldo edo antzekoak ezartzeko kasuetan, udalaren baimena eskuratuta. Euskarriek, gainera, euskaraz eta zuzen idatzita egon beharko dute, eta argitu dute ez dituztela lagunduko errotulu elebidunak edo izen bereziak bakarrik dituzten errotuluak –kasu horretan, establezimenduaren jarduera euskaraz adieraztea hartuko da irizpidetzat–.

Eskatzaileek zenbait agiri aurkeztu beharko dituzte; hain zuzen, eskaera-orria beteta, euskaraz jarritako errotuluaren edo toldoaren aurtengo faktura eta ordaindu izanaren agiria, jarritako euskarriaren argazkia, eta hirugarrenen alta emateko agiria, banketxean sinatuta eta zigiluz jota (aurrez aurkeztu ez bada). Zumaiako Udaleko erregistroan edo Euskara Zerbitzuan aurkez daitezke eskaerak, baita online ere.