Zumaia eta Usurbil arteko tren zerbitzua etenda dago bi zuhaitz erori direlako

Zumaia eta Zarautz artean erori da, bata, eta Usurbil eta Orio artean, bestea. Bigarrena Orioko tren geltokitik gertu erori da eta trena harrapatu du. Hori bai, inork ez du minik hartu. Ezbeharren ondorioz, autobusez ari dira egiten Zumaia eta Usurbil arteko lotura. Zerbitzua berrezartzeko lanek luze jo dezaketela ohartarazi du ETSk lekura iristeko zailtasunak dituztelako.

Gorabehera ugari ari dira izaten trenbide sarean nahiz errepideetan gaur goizean. Euskotren zerbitzua etenda dago Zumaia eta Usurbil artean bi zuhaitz erori direlako trenbidera. Zuhaitzetako bat Zumaia eta Zarautz artean erori da, eta bestea Usurbil eta Orio artean. Bigarrengoak lehengoak baino arazo handiagoak sortu ditu, trenak zuhaitza jo baitu du bete-betean. Edonola ere, ezbeharrak ez du zauriturik eragin. Hori bai, trenean zihoazen 50 bidaiari inguruk gidariaren kabinatik atera behar izan dute eta oinez jarraitu dute Orioko Arraunetxera arteko bidea bertan autobusa hartzeko.

Hain justu autobusez ari dira egiten Zumaia eta Usurbil arteko lotura ezbeharra konpondu bitartean. Bada, lan horiek luze jo dezaketela ere ohartarazi du Eusko Trenbide Sareak (ETS); konponketetarako langileek zailtasunak dituztelako tokira iristeko. Azaldu dutenez, bidean zihoazela A8 autobidean gertatu den beste trafiko istripu batek errepidea blokeatu du eta atzeratu egingo ditu lanak.

(Argazkiak: Maria Maya Manterola/UKT)