'Fire of love' dokumentala emango du gaur Ostarrenak zine forum saioan

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 17a, 08:53

Sara Dosa zinemagileak zuzendutako Fire of love filma emango da 19:00etatik aurrera Aita Mari zinema aretoan. 

Sumendien mundura bidaia proposatuko du Ostarrena zine klubak gaur arratsalderako. 19:00etan hasita, Fire of love dokumentala ikusteko aukera izango da Aita Mari zinema aretoan.

Katia eta Maurice Krafftt dira Sara Dosa zinemagilearen lan honetako protagonistak. Katia geokimikoa zen; Maurice, berriz, geologoa, eta Stromboli eta Etna zituzten erreferenteak. 1970eko hamarkadan ekin zioten bi hamarkada luze iraungo zituen ikerketa bati: mundu osoan aritu ziren bolkanen erupzio bila. Zaire, Hawaii, Indonesia, AEB, Japonia... Mauricek 16 milimetroko pelikuletan jasotzen zituen erupzioak; Katiak, berriz, argazkiak ateratzen zituen. Ordura arte ez ziren halako irudirik ikusi.