Ostiralean egingo den musika eta dantza saioarekin hasiko da Euskaraldiaren bueltan antolatutako ekitaldi sorta

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 9a, 12:22

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da hirugarren Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa soziala. Aurtengo edizioak Hitzez ekiteko garaia du leloa. 

Aurten ere ekitaldi sorta antolatu dute Zumaian Euskaraldiaren inguruan. Musika eta dantza saioak, bakarrizketa, solasaldiak eta bertso afaria izango dira, besteak beste, datozen egunotan. 

Hasteko, ostiral honetan bertan, 18:00etatik aurrera, kultur ekitaldia egingo da Aitzuri pilotalekuaren aurrean (euria egingo balu, Herri Eskolako frontoira eramango litzateke). Eireren kontzertua izango da, baita Astindu Zumaiako dantza elkarteak ekimen honetarako espresuki prestatu duen koreografia dantzatzeko aukera ere.

Kofradian egingo da hurrengo saioa, hilaren 17an, ostegunez, 19:00etatik aurrera. Esti Curielen bakarrizketa umoretsua izango da, Musika pixkat bizitzai taldearen kontzertua, Astinduren koreografia dantzatzeko beste aukera bat, eta Irati Arakistain bertsolariaren saioa. Arratsalde horretan bertan, 17:00etatik 19:00etara, Euskaraldiko txapak jasotzeko azken mahaia jarriko dute, Kofradian bertan.

Astebete beranduago, azaroaren 24an, Jon Maiak gidatutako solasaldia egingo da Aita Mari zinema aretoan, 19:00etan hasita. Euskararen inguruko hausnarketak egingo dituzte Arri Granadosek, Telmo Iruretak, Helene Alberdik eta Irina Tichtchenkok. 

Abenduaren 1ean, berriz, Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da Alondegiko Oxford aretoan, 19:00etan. Deñe Garciaren kantaldi batek girotuko du ekitaldia. 

Bertso afari batekin esango diote agur aurtengo Euskaraldiari. Abenduaren 2an izango da, 21:00etatik aurrera Kupela jatetxean, eta Andoni Egaña eta Oihana Iguaran arituko dira kantuan.