Helduentzako eta haurrentzako antzezlan bana izango da asteburuan Aita Mari aretoan

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 4a, 10:42

Zumaiako antzerki denboraldia motorrak berotzen hasi da. Asteburu honetan bi antzezlan izango dira Aita Mari aretoan, helduentzako eta haurrentzako bana. 

Oscar Terol umorista eta aktoreak Mundos para lelos ikuskizuna taularatuko du gaur, 20:00etatik aurrera, Zumaiako zinema aretoan. Ikuskizun honetan, Terolek pertsona guztiok ulertzen ez dugun mundu baten errealitatea erakutsi nahi du. Helburu bakarra egunaren bukaerara iristea da, besteen begiradak eta kritikak ahalik eta gehien gainditu ondoren, eguneko edozein unetan bizia hondatzeko ager daitekeen gure "ni lelo" hori ezkutatzen saiatuz.

Antzezlanerako sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai, baina Internet bidez ere erosi ahal izango dira, hemen.

Igande eguerdian, berriz, haurrentzako Batetik bestera antzezlana izango da. Benetan be taldearen ikuskizuna eguerdiko 12:00etan izango da, Aita Marin baita ere. 

Sinopsia: Bor-bor batean dago Hezegunea. Udaberriko migrazioa hemen da! Iparrerantz doazen lehenengo bidaiariak heltzen hasi dira indarberritzeko premiaz. Prismatikoetatik adi-adi begiratzen baduzue, laster bereizi ahalko dituzue horietako hainbat. Gehienek alabeharrez ekin diote bidaiari bueltatzeko aukerarik izango duten ere jakin gabe. Zer oztopo aurkituko dituzte bidean? Zer helduleku… Xo, xo, xo… Begira, begira, begira!

Haur antzerki honetarako sarrerak ere salgai daude Internet bidez, hemen. Aretoko leihatilan ere salgai izango dira igandean bertan.