Sentsibilizazio kanpaina LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko planaren abiapuntu

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 3a, 21:35
Oxforden aurkeztu dute LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko plana herritarren aurrean. (Jabi Gonzalez Toston)

Urtea amaitu aurretik edo datorrenaren hasieran aktibatu nahi du udalak Eihera Kooperatibaren laguntzarekin zehaztu dituen 45 neurrietako lehenengoa. Ondoren, herriko LGTBI+ memoria aztertuko lukete.

Herrian identifikatu dituzten sei behar nagusiri erantzutea du xede LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko palanak. Horretarako, 45 neurriko zerranda osatu dute udalak eta Eihera Kooperatibak. Guztiak aurki egongo dira ikusgai udalaren web atarian, zintzlik geratu diren azken xehetasunak itxitakoan.

Edonola ere, arratsaldean Oxford aretoan egin duten aurkezpenean aurreratu dute urtea amaitu aurretik edo 2023aren hasieran abiatuko duten sentsibilizazio kanpaina izango dela aurrera eremango duten lehen ekintza. Zentzu horretan, Maider Alberdi Yeregi Berdintasun zinegotziak argitu du kanpainak ikusgarritasun beharrari erantzutea duela helburu. Diagnostikoa egiterakoan antzeman duten beharretako bat, hain justu ere. Horren harira, Iñigo Etxezarreta Eihera kooperatibako kideak esan du herri ireki gisa identifikatu dutela Zumaia, nahiz eta badiren zenbait alor non itxiagoak diren herritarrak: "Gaiarekiko predispozioa badagoela ikusi dugu, baina, aldi berean zenbait tabu ere oso presente daude oraindik".

Planaren barruan udalak aurreikusten duen bigarren ekintza 2023an abiatuko duten LGTBI+ kolektiboaren memoria ariketa da. "Zumaian orain arte egin ez den lanketa" Berdintasun zinegotziaren arabera, zeinarekin herrian bizitakoak ezagutarazi nahi diren. "Epika edo motibazio" ariketa Alberdiren hitzetan. Horrez gain, zinegotziak gaineratu du memoria ariketa horretan jasotakoaren arabera, aitortza egun bat izendatu lezakeela udalak.