'Bollurria' topaketa bollo-transfeminista egingo dute larunbatean

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 3a, 15:00

Hirugarrenez antolatu duten ekimena Zumaian amaituko dute tailerrak eta musika emanaldiak uztartuko dituen egitarau zabalarekin. Aurrez, mendi martxa egingo dute Zarauztik abiatuta.

2020an jaio zen ekimena da Bollurria eta urrian egiten dute hainbat herritan antolatzen dituzten topaketa bollo-transfeministen bidez. Bertan Euskal Herriko txoko guztietako jendea elkartzen da elkar ezagutzeko eta festarako espazio seguruetan. Larunbat honetan Urola Kostan izango dira.

Horrez gain, topaketek bolleren ikusgarritasuna eta euskara ere badituzte ardatz, eta egitarauak osatzeko herri edo eskualde bakoitzeko errealitatea hartzen dute kontuan. Aurten, Lezon, Azkainen eta Irunen egin dituzte orain artekoak eta Zumaian antolatu dute Bollurriaren hirugarren edizioari amaiera emango dion azken topaketa. Horregatik, Urola kostako hainbat herritako jendeak hartu du parte egitarauaren prestaketan eta espero dute egindako lanak eskualdeko bollera eta transen saretzea ekartzea aurrera begira.

Prestatu duten egitarauari erreparatuta, amaierako festa Zumaian egingo duten arren, Zarauztik abiatuko dute txupinazo jaurtiketarekin. 10:00etan jarri dute hitzordua Musika Plazan. Bertatik hasiko Zumaiarako bidea egingo dute menditik eta Askizun geldialdia egingo dute bollojanerako. Zumaiara iritsita, Torreberri gaztetxean jarraituko dute Marianitadarekin, lehendabizi, eta Babajanarekin, ondoren. Bazkalosterako Twister erraldoia antolatu dute.

Arratsaldean, berriz, Drag Makillaje tailerra emango dute eta hura amaituta musika emanaldiei egingo zaie tartea. Maider Lasak eta Maialen Iturrik musika eta irudiak uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko dute 20:00etan, ondoren Elektropottotteren txanda izango da eta festa amaitzeko, DJ Warrasen emanaldia.

*Bazkarian zein Drag Makillaje tailerrean izen emateko, bollurria@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da aldez aurretik.

Hauxe da larunbateko egitarau osoa:

  • 09:30 Autobusa Zarautzera joateko, Zumaiako zine pareko geltokian
  • 10:00 Txupinazoa, Zarauzko Musika Plazan
  • 10:30 Mendi martxa Zarautz-Zumaia (Bidean Bollojana Askizun)
  • 13:30 Marianitada, Toreberri Gaztetxean
  • 14:30 Babajana (tripak betetakoan, Twister erraldoia)
  • 17:30 Drag Makilaje tailerra (Garazi Fantasy eta Alicia Kissen eskutik)
  • 20:00 Loa Loa laguna, abestiak eta proiekzioak (Maider Lasak eta Malen Iturrik)
  • 21:00 Elekropottotte
  • 00:00 Dj Warras