Aldarri bat zalantzaren alde

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 31a, 15:00

“Badena zalantzan jarri, eta ez dena ere bai. Zergatik eta zertarako, gero eraikitzeko”. Hitz horiekin aurkeztu du Ainhoa eta Aitzol bikoteak bere lehen diskoa. Ekainean aurkeztu zuten plataforma digitaletan, eta fisikoki ere eros daiteke. Uztaileko BALEIKE aldizkariko artikulua da honakoa.

Ezbaian izenburupean, piano kolpeak eta gitarraren akorde leunak bildu dituzte musikariek. Ainhoa Urteagaren ahizpa Leireren bateria hotsen eta Eneko Atxaren laguntza izan dute melodietan. Erregistro bakarrera mugatzea hasieratik baztertu du bikoteak, eta askotariko soinuak bildu ditu bilduman. Ozen Estudioan egin dituzte grabaketak, Jurgi Taboadarekin. 

Ainhoa Urteagaren arabera, baietzaren eta ezetzaren artean daude bizitzako bidaideak eta erantzunak, eta erabaki horiei guztiei egin nahi izan diete keinu beren lanean. “Pertsonak, inguruak, egoerak badatoz eta badoaz eta gu eraldaketaren parte gara. Gure bizitza igarotzen ikusi baino, bizi nahi dugu, hitzaren esanahia bere osotasunean, hori da gure hautua”, azaldu du piano jotzaile zumaiarrak. 

Kontzertuetan nork bere barrura bidaiatzeko gonbita egiten diete entzuleei, eta diskoarekin gauza bera iradoki nahi izan dute. Izan ere, azaldu dute garrantzi handia ematen diotela “bizitza sentitzeari”. “Gizarteak inposatutako ardura eta estimulazioen gatibu” izan ordez, pausa bat egiteko aitzakia izatea nahi dute, hain zuzen. “Gure ‘ni’ lotsatiaren beldur gara maiz. Gizakia ahula da, eta akatsak egiten ditu, baina horrek darama indartsu bilakatzera. Gailentze horretara gonbidatu nahi dugu gure entzulea”, diote. 

Joan den ekainaren 26an aurkeztu zuen bikoteak diskoa, Zumaienako Baso Magikoan, gertukoak, Astindu dantza taldeko kideak nahiz Zumaiako sortzaileak lagun. Aurrerantzean kontzertu gehiago ematea gustatuko litzaieke, “plaza berriak goxatzeko gogoz” baitaude. Dena den, gogorarazi dute beren Instagram kontura (@ainhoa_aitzol_) idatzita edo posta elektronikoz (ainhoataitzol@gmail.com) eskuratu daitekeela diskoa, baita Kabi tabernan, Portutxiki kantinan eta Labarra tabernan ere.