Asteazken eguerdira arte eskatu daiteke alokairurako dirulaguntza

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 31a, 09:15

Gaur, urriak 31, itxiko dute eskaerak telematikoki aurkezteko epea, baina aurrez aurreko eskaerak asteazkeneko 14:00ak arte jasoko dira. 

Alokairurako dirulaguntzak emango ditu aurtengoan ere Zumaiako Udalak. Asteazken eguerdira bitarte izango dute zumaiarrek laguntza jasotzeko eskaera egiteko epea. Eskaerak udaletxean bertan aurkeztu ahal izango dira ordura arte, baina gaur itxiko dute telematikoki egiteko aukera. 

Laguntza jaso ahal izateko ezinbestekoa izango da alokairu kontratua izatea eta ordainketak banku transferentzia bidez egitea. Oinarri berriekin dirulaguntza indibiduala izango da, eta norbere diru-sarrerak soilik hartuko dira kontutan –ez bizikidetza unitatearenak–, oinarrietan jasotzen denez. 

18 eta 35 urte bitarteko eskatzaileen kasuan, 25.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenek jaso ahal izango dituzte laguntzak; 36 urtetik gorakoei dagokionez, muga 25.000 eurokoa izango da kasu honetan ere, baina alokairura bideratzen duten kopurua diru-sarreren %30a baino altuagoa izan beharko da laguntza jasotzeko. 

Berrikuntza bat izango da aurten 18 eta 35 urte bitarteko eskatzaileen oinarrietan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza alokatzeko Gaztelagun programaren dirulaguntzak eskatu beharko dituzte aurretik. Hala, aurkeztu beharreko dokumentuen artean eskaera hori gauzatu izanaren egiaztagiria ere aurkeztu beharko dute eskatzaileek. "Programa horren bidez jaso daitekeen kopurua Zumaiako Udalak eman ahal duen zenbatekoaren gainetik egonda (150 euro arte Zumaiako Udalaren kasuan eta 275 euro arte Eusko Jaurlaritzaren kasuan), etxebizitza politikaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela kontutan izanda, eta bi aldeentzat (Zumaiako Udalarentzat zein laguntzaren onuradunarentzat) onuragarriena izanik, Gaztelagun programari lehentasuna ematea erabaki da", iragarri du Zumaiako Udalak.

Edozein zalantzarako, udaleko Etxebizitza Bulegoarekin jar daitezke harremanetan eskatzaileak, posta elektroniko bidez, edo 943-86 50 25 telefono zenbakira deituta. 

Dirulaguntza hauen oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa udalaren webgunean aurki daitezke.