'Kantu bat gara'-ren emanaldi berezia eskainiko du Jon Maiak abenduaren 28an Donostian

Juan Luis Romatet 2022ko urr. 26a, 14:00

Antzokiz antzoki, aretoz areto dabil Jon Maia Kantu bat gara proiektuarekin pasa den urte amaieran Durangoko Azokaren bueltan aurkeztu zuenetik. Abenduaren 28an kontzertu berezia eskainiko du Donostiako Kursaalen. Emanaldi horretarako sarrerak dagoeneko salgai daude. 

Azken proiektu hau aurkeztu zuela urtebete betetzen dela eta, kontzertu berezi eta solidario bat prestatu du abenduaren 28rako. Kursaaleko areto handian egingo da, 19:30etik aurrera, eta hainbat gonbidatu izango ditu lagun oholtza gainean. Kontzerturako sarrerak salgai daude Kursaal.eus webgunean. Kontzertu solidario honetan etorkinei babesa ematen dion Irungo Harrera Sarea eta Donostiako kaleetan lo egiten duen jendeari afariak ematen dizkion Kaleko Afari Solidarioak taldea izango ditu bidelagun, kontzertuko irabazien zati bat haientzat izango delarik.

Euskal musika panoramako hainbat musikari eta talderentzako sortutako abestiak bildu ditu Jon Maiak Kantu bat gara izeneko liburu-diskoan. Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Anari edota Gozategirentzako idatzi ditu zumaiarrak abestietako letrak. Disko desberdinetan barreiatuta zeuden abesti horiek produktu bakarrean bildu nahi izan ditu, janzkera berri batekin. 2021ean aurkeztu zuen emaitza. Arrakastatsua suertatu da, eta ordutik kontzertu ugari eskaini ditu Euskal Herri osoan zehar. Emanaldi horietan euskal kultur, gizarte edo kirol munduetako izen handiak igo dira oholtzara Maiarekin batera eszena partekatzera. Itziar Ituño, Lucia Lacarra, Jagoba Arrasate, Joseba Sarrionandia edo Mikel Urdangarin izan ditu alboan, besteak beste.