Kontsumo ohituren inguruan galdetuko die udalak zumaiarrei

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 28a, 09:00

Merkataritza arloko Plan Estrategikoa garatu aurretik, herritarren eros-ohiturak aztertzeko kale inkestak eta telefono deiak egingo ditu udalak datozen egunetan. 

Datozen asteetan kale inkestak egingo dizkie herritarrei udalak, haien kontsumo ohiturak ezagutu eta merkataritza eskaintzaren balorazioa jasotzeko. Izan ere, merkataritza sektorera bideratutako proiektuen artean, Plangintza Estrategikoa garatuko du hurrengo hilabeteetan, eta hori gauzatzeko, merkataritzaren egoera hobetzera bideratutako ekintza posibleak identifikatu nahi dituzte, merkatarien lehiakortasuna hobetzeko. 

Gaur egungo egoeraren diagnosia egitea izango da lehen pausoa, Zumaiako merkataritza eskaria eta eskaintza eta horien ezaugarriak aztertuz. Kale inkestez gain, telefono deiak ere egingo dituzte, galdetegia erantzuteko eskatuz. Jakinarazi dute erantzunak erabat anonimoak izango direla, eta diangosia osatzeko soilik erabiliko dituztela. Gainera, nahi duenak galdetegia Internet bidez erantzuteko aukera ere izango du (galdetegi bana prestatu dute merkatarientzako eta herritarrentzako).

Herriko merkatariak ere elkarrizketatuko dituzte, eta baita Gertu merkatari eta ostalarien elkarteko kideen iritzia jaso ere.