Winter Series txapelketan arituko dira Goikoetxea eta Lopez

Juan Luis Romatet 2022ko urr. 21a, 14:19
Txapelketan arituko diren puntistak, Mundakan egindako aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Jai Alai News

Hamasei jaialdi jokatuko dira guztira urriaren 31n abiatuko den txapelketan. Goikoetxea Etchetorekin arituko da, eta Lopez Beaskoetxearekin. 

Zesta-puntak susperraldi handia izan du azken aldian Euskal Herrian, eta frontoiak bete egin dira berriro ere ikuskizunaz gozatu nahi zuten zaletuekin. Arrakasta horren jakitun, enpresak urte osora zabaldu dituzte kirol honi lotutako txapelketak eta jaialdiak. Horren adibide da gaur bertan Mundakan aurkeztu duten Jai Alai Winter Series txapelketa. Iaz jokatu zen lehen aldiz, eta bere tartea egin du zesta-puntako egutegian. 

Indartuta dator, gainera, Gernikako katedralean jokatuko den txapelketa hau. Jaialdi gehiago jokatzeaz gain, pilotari gehiago ere arituko dira jokoan. Urriaren 31n ekingo diote txapelketari eta otsailaren 19an bukatuko da. Guztira, hamasei jardunaldi izango dira. 

Zortzi bikotek jokatuko dute txapelketa, bi multzotan banatuta. Zumaiako bi pilotari handiak, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez, B multzoan arituko dira. Goikoetxeak Etchetorekin osatuko du bikotea, eta Beaskoetxearekin Lopezek. Bi bikoteak aurkari izango dira txapelketako bigarren jardunaldian.

Partida denak astelehenetan jokatuko dira, final handia izan ezik: azken partida igandean jokatuko da. Neurketa guztiak Euskal Telebistaren lehen kanalean emango dira.