Zaintzaz gogoetatuko dute larunbateko jardunaldietan

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 18a, 15:03

Ezkerretik, Aratz Zearreta, Silvia Carrizo eta Maddi Altuna. Argazkia: Maria Maya Manterola

Zaintzen duen Zumaia irudikatzen ari gara izeneko egun osoko jarduera sorta antolatu dute Emakumeon* Etxeak, Malen Etxeak eta mugimendu feministak.

Zaintzaren gaia hizpide izango dute datorren larunbatean, hilaren 22an, Emakumeon* Etxean egingo diren egun osoko jardunaldietan. Zaintzen duen Zumaia irudikatzen ari gara du izena Emakumeon* Etxeak, Malen Etxeak eta mugimendu feministak antolatutako jarduera sortak, eta interesdunek oraindik ere izena eman dezakete Emakumeon* Etxean bertan edo hemen loturan klik eginda.

Hiru eragile hauek azken hilabeteotan abian jarritako prozesuaren hurrengo pausoa izango da larunbatekoa. "Iazko irailean zabaldu genuen Emakumeon* Etxea, eta urtebete igaro denean une egokia zela ikusi genuen elkarte desberdinen arteko lanketa hau egiteko", adierazi du mugimendu feministako kide Maddi Altunak. Prozesu horretan parte hartu dute aipatutako elkarte edo mugimenduek, baina baita adinekoen  egoitzetako langileek, pentsiodunek edota gazteek ere. "Hausnarketa galdera zehatz batetik abiatu genuen: ‘zerk sustengatzen du bizitza?’".  Helburua, berriz, zaintzen duen herri ereduari buruzko eztabaida sustatzea eta garatzea dela dio, "baita etorkizunerako proposamen eta proiektu pilotoak martzan jartzeko oinarriak zehaztea ere".

Larunbateko jardunaldietan plazaratuko duten txosten batean bildu dituzte prozesuan zehar jasotako iritziak eta ideiak. "Parte hartu duten eragile guztiek bat egiten dute ideia batean: zaintza zerbitzuek publikoak izan behar dutela, denontzako eta etxetik hurbil egon behar dutela", laburbildu du Silvia Carrizok, Malen Etxea elkarteko ordezkariak. "Denek pentsatzen dute zerbitzu hauek kalitatezkoak izan behar dutela, eta etxean eman behar direla. Horretaz gain, familia arteko sistemarekin bukatu behar dela ere pentsatzen dute, zaintzaren ardura ezin dela seme-alaben esku utzi", azpimarratu du Carrizok. 

Txostenean jaso diren ideia hauek, hein batean, zaintzen inguruan Europar Batasunak prestatu duen, eta datorren urtean aplikatu duen direktibarekin bat egiten duela nabarmendu du Malen Etxeko kideak. "Europak dio zerbitzu hauek publikoak eta komunitarioak izan behar dutela. Funtsek herrietara, komunitateetara joan behar dute, eta ez putre funtsetara. Ideia horiekin egin behar dugu lan".

Herritik sortua

Gipuzkoako beste herri batzuetan antzerako prozesuak egin direla gogoratu du Carrizok, Oiartzunen edo Usurbilen, esaterako. Baina aurretik Zestoan eta orain Zumaian abiatu duten plangintzek berezitasun bat dutela txalotu du Malen Etxeako kideak: "Herritik sortutako prozesuak dira, eta ez instituzioetatik".

Zaintzen inguruko hausnarketa hau ez da larunbateko jardunaldiekin amaituko. "Lehenbizi, landutako txostena publiko egingo dugu ondorioak ezagutzera emateko", adierazi du Aratz Zearretak, Emakumeon* Etxeko dinamizatzaileak. Behin jardunaldiak amaitzen direnean, urte guztiko prozesu honen laburpena jasoko dute liburuxka batean, datozen urteetarako oinarri izateko. Hurrengo pausoak zein norabidetan eman badakite, baina prozesuan jasotako ekarpenekin zehaztuko dituzte. 

Egitaraua

09:45. Harrera eta materialen banaketa.

10:00. Ongietorria eta aurkezpena.

10:15. Zaintza lanak, Euskal Herriari argazki bat. Hizlaria: Matxalen Legarreta Iza, Soziologian Nazioarteko Doktorea UPV/EHU.

11:45. Zaintza ereduari alternatibak. Zaintza antolatzeko beste modu batzuk. Hizlaria: Ana Garcia Mendoza, Fundacion Pilares para la Autonomia Personal.

12:15. Atsedenaldia

12:45. Zestoa, zaintzen duen herria. Zainketen antolaketa sozialerako proiektua. Hizlaria: Xanti Ugarte, 3Z Zahartzaroa Zestoan Zainduz elkartea.

13:30. Atsedenaldia

15:30. Zumaia, zaintzen duen herria proiektuaren aurkezpena. Silvia Carrizo, Malen Etxea.

16:00. Nolakoa da zaintzen duen Zumaia? Talde dinamika, Farapi Kooperatibaren eskutik.

18:00. Jardunaldiaren amaiera.