Argi berria errepresioak desagerrarazitako emakumeei

Juan Luis Romatet 2022ko urr. 17a, 16:07
Joseba Esnal, Belen Ibarrola, Marina Bidasoro eta Maider Alberdi.

Itzalpeko emakumeak erakusketa ibiltaria Zumaiara helduko da datorren urtean, martxo aldera. 1936ko gerrak eta Francoren diktadurak isilarazi zituzten emakume aitzindariak balorean jartzea du helburu erakusketa honek. Izen ezagunez gain, Zumaiako gizarteari ekarpenak egin dizkieten emakumeei ere aitortza egin nahi die Zumaiako Udalak. 

Elbira Zipitria, Balendiñe Albizu, Julene Azpeitia, Inaxi Etxabe. Laurak ere zumaiarrak, bakoitza bere esparruan aitzindariak izan ziren lau emakume hauek. Eta beraiek bezala, beste lau, beste zortzi, beste hamasei izango dira herrian. Agian ez aurrekoak bezain esanguratsuak, baina bai bere neurrian herriko gizarteari, kulturari, ekonomiari ekarpenak egin dizkieten emakumeak. Itzalpeko emakumeak erakusketa ibiltariaren bisitari lotuta, emakume hauen izenak, bizitzak eta bizipenak, ekarpenak, argazkiak, dokumentuak bildu nahi ditu Zumaiako Udalak, erakusketa horren parte izateko kasu batzuetan, baina, garrantzitsuagoa dena, haien izen-abizenak ezkututik atera eta egindako ekarpenekin datu base bat sortzeko. 

Aipatutako erakusketa 2023ko martxoan helduko da Zumaiara, Euskal Herriko beste herri batzuk bisitatu eta gero. Erkibe elkarteko Joseba Esnal eta Belen Ibarrola diseinatzaile grafikoa 2018an hasi ziren erakusketa hau ideiatzen, "XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak" ezagutarazi eta omentzeko asmoarekin. Tolosan, Laudion eta Deban erakutsi dute aurretik bilduma hau, eta datorren urte hasieran helduko da Alondegiko Oxford aretoan. Horren berri eman dute Esnalek eta Ibarrolak gaur goizean egindako agerraldian. Bertan izan dira, baita ere, Marina Bidasoro eta Maider Alberdi zinegotziak. 

Bidasorok azpimarratu duenez, gai garrantzitsuak jorratzen ditu Itzalpeko emakumeak erakusketak. "Memoria historikoa lantzen du, baina baita berdintasuna ere". Horregatik, erakusketa Zumaiara egokitzeko prozesua abian jarri zutela gogoratu du. 

XX. mendean aitzindariak izan ziren emakumeen bizitzak, bizipenak eta lorpenak jasotzen ditu bilduma honek. "XX. mendeko emakumeek lorpen handiak egin zituzten, baina gero atzerakada handiak jasan behar izan zituzten. Gehienak etxera bueltatu ziren, baina izan ziren batzuk erbestera joan behar izan zutenak ere", adierazi du Belen Ibarrolak. 

Joseba Esnalek gaineratu duenez, hezkuntzan, euskara munduan, politikan edota zientzian atzeman daitezke emakume hauen lorpenak. "Errepublika garaia oso garrantzitsua izan zen abertzaletasunarentzako, baina baita emakumeentzako ere". 1936an gerra piztu eta gero, ordea, emakume hauek guztiak desagertu egin ziren, eta haien bizitzak eta lorpenak itzalpean geratu ziren. "Emakume haiek, abertzaleak batzuk, errepublikazaleak besteak, denak desagerrarazi zituzten, eta ekimen honekin ezagutzera eraman nahi ditugu", azpimarratu du Esnalek.

Erakusketaren hazia Zumaian landatu bazen ere, Gipuzkoa osora eramateko erabakia hartu zuten bere bultzatzaileek emaitza aberatsagoa eta anitzagoa izan zedin. Hala, erakusketako zati bat finkoa bada ere, beste zati bat herri bakoitzaren ezaugarri eta pertsonen arabera moldatuko da, eta garrantzia berezia emango diote herri horietako emakumeei. Esnalek prentsaurrekoan azaldu duenaren arabera, errepresioa jasan zuten Zumaiako 86 emakumeren dokumentazioa dagoeneko eskutan dute, eta 2023ko martxoan Alondegian egingo den erakusketan erakutsiko dituzte. Hala ere, zerrenda oraindik itxi gabe dagoela ere azaldu zuen Erkibe elkarteko kideak. 

Horrekin lotuta, eta proiektu honek duen indarraz jabetuta, deialdi berezi bat egin die udalak herritarrei. Zipitria, Azpeitia edo Albizu bezala erreferenteek erakusketan lekua izango dute, baina baita agian hain ezagunak ez diren herriko emakumeek ere. "Borroka txikiak egin dituzten eta agian hain ezagunak ez diren emakumeen izenak ere jaso nahi ditugu", adierazi du Maider Alberdik. "Horrek lanketa desberdinak egiteko aukera emango digu", gaineratu du. 

Emakume hauen berri duten herritarrek urriaren 28ra arte izango dute haien berri emateko epea, kultura@zumaia.eus helbidera idatzita, edo Alondegitik pasatuta. Aurrez deitu (943-86 10 56) eta hitzordua lotzea eskatu dute.