Txikitasunean handi direla erakutsi dute Arroa Behekoek

Ane Olaizola 2022ko urr. 15a, 17:00

Txikitasunean Handi eguna ari dira ospatzen Arroa Behean, eta ekoizleen zein artisaugileen azokak hartu du goizean protagonismoa; aurten, askotariko 42 postu jarri dituzte auzoan zehar sakabanatuta, eta herritar ugari bertaratu da azokara.

Arroa Beheko Ezkaizto auzo elkarteak, Zestoako Udalaren laguntzarekin, Txikitasunean Handi eguna antolatu du beste urte batez, eta aurtengoan, auzoan egin duten azokak bereganatu du protagonismo osoa. Izan ere, Baserritar eta Artisau Azoka egin dute bigarrenez, baina beste dimentsio bat hartu du egitasmoak; izan ere, auzoan zehar sakabanatuta, 42 postu jarri dituzte inguruko ekoizleek zein artisaugileek, iaz baino hamazazpi gehiagok. Primerako eguraldia lagun, asko izan dira postuetako produktuak ikustera eta erostera joan direnak, eskaintza ez baita urria izan: barazkiak, esnekiak, garagardoa, sagardoa, eztia, bitxiak, osagarriak, ogia, gozogintza, taloak, bakailaoa, antxoak… Askotariko jakiez zein produktuez gozatzeko aukera izan dute hara bertaratu direnek.

Azokaren bueltan hasitako Txikitasunean Handi egunak bestelako ekintzak ere izango ditu egunean zehar, haurrei zein helduei zuzenduta; izan ere, 17:00etan, buruhandiak ibiliko dira auzoan, eta 18:00etan, umeentzako erromeria hasiko da, Izer eta Alabierrekin. 20:00etan, berriz, parrillada egingo dute pilotalekuan, eta eguna borobiltzeko dantzaldia eskainiko dute berriz Izer eta Alabier trikitilariek. Horrez gain, bihar bitartean Arroa Beheko Udaberriko II. Rallyko argazki onenen erakusketa ikusteko parada izango da, Elkargunean, Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta.