Arantza Aizpurua: "Anaia ez da gure familiakoa soilik, herriarena ere bada"

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urr. 9a, 09:00

"Joan hadi etxera, esaiok amari laster joango naizela". Horiek izan ziren Jesus Aizpurua Zinkunegik Zumaiatik alde egin aurretik 7 urteko anaia Inaziori esan zizkion azken hitzak. Ondoren, moilako itsasontzi batean sartzen eta alde egiten ikusi zuen Inaziok, beste hainbat lagunekin batera. 15 urte zituen Aizpuruak orduan, zortzi anai-arrebetan zaharrenak, eta galdara tailer bat jarri berria zuen Zumaian, aitarekin batera. 1936an gerra etorri zen, ordea, eta giroa gaizto jartzen ari zela ikusita, herritik alde egin eta gudari sartu zen. "Garai hartan oso kontzientziatuta zegoen jendea, gizondu egiten ziren sasoia baino lehen", dio Arantza Aizpuruak, Jesusen arreba gazteenak. Uztaileko Baleike aldizkariko erreportajea da honakoa.

Hiru urte baino ez zituen Arantzak urte beltz hartan, eta anaiaz ezer gutxi gogoratzen badu ere, haren hutsunearen zama oso presente izan du bizitza osoan zehar, familiak ez baitzuen sekula jakin bizirik jarraitzen zuen ala ez. "Horrenbestetan entzun nion gure amari, horrenbeste sufritu zuen… dena geratu zait buruan", dio. Ezagun du hori haren Menagaraiko (Araba) etxeak, anaiaren argazkiak eta garai zaharretako hamaika oroigarri baitauzka apain ipinita hormetan. Bizitzaren errebueltek Zumaiatik 100 kilometrora eraman dute bizitzera Arantza, baina jaioterriak pisu handia du harentzat.

Duela urte batzuk anaiaren berri eduki ahal izateko zenbait hari mugitzen hasi zen, eta 85 urte haren arrastorik eduki gabe igaro ostean, jakin du Jesus 17 urte betetzeko zituela hil zela, Tarragonako (Herrialde Katalanak) ospitale militar batean, tifus sukarrak jota. Haren hezurrak, berriz, Vallfogona de Riucorb udalerriko hobi komun batean daude.

Noiz izan zenuten anaiaren berri azkenekoz?

Gure amak aipatzen zuen baten batek esan ziola behin Jesusek hitz egin zuela irrati bidez. Ez omen zuen bere izen-abizenik aipatu, baina esan omen zuen Gipuzkoako kostako herri bateko semea zela, kanporatze gehien izan ziren herrikoa. Eta Zumaia zen hori. Gure amak esan zuen: "Hori Jesus da". Irratian fronteko berri ematen zuten bakoitzean, amak Jesus ikusten zuen toki guztietan.

Gerra garaian Zumaiatik kanporatutako beste familia batek, Aizpurua abizenekoak eta zortzi senide ziren haiek ere, topatu zuen Jesus Katalunian. Familia hura lehenengo Bilbora joan zen, gero Santanderrera, Asturiasera… eta, azkenean, Kataluniara joan zen, Frantziara pasatzeko asmotan. Bertan topatu omen zuen Jesus, eta harekin geratu omen ziren hurrengo egunerako, elkarrekin muga pasatzeko. Baina Jesus ez omen zen agertu. Gregoria Aizpurua Torreagakoak, familia hartakoak, kontatu zigun guri hori.

Zuek ere kanporatu zintuzteten?

Gu ginen los apestados, kutsatuta bageunde bezala tratatzen gintuzten. Gerra hasi zenean aitak alde egin zuen lehenengo, behartuta. Berak Zumaian nahi zuen ezkutatu, esaten zuen bi edo hiru egunean pasatuko zela dena, baina amak esaten zion ezetz, alde egin behar zuela, eta Bilbora joan zen. Bilbotik ez zen mugitu, ez zuen nahi Euskal Herritik atera. Aitak ez zekien bere semea zer egitera zihoan, baina handik egun batzuetara joan zen Jesus.

Gu ginen rojos separatistas. Politika pil-pilean zegoen, eta denek zekiten nor zen nor. Gure aitak eta anaiak alde egin zutenez, gu ere kanporatzekotan egon ziren, baina azkenean geratzea lortu genuen, etxetik asko ez aldentzeko baldintzarekin. Telesforoneko etxean bizi ginen, Goiko plazan, eta Arritokieta aldera joaten ginen, justu-justu. Galtzaileak izan ginen, eta oso gaizki pasatu genuen. Begien aurrean ezinikusia eta gorrotoa. Horixe bizi izan dugu, hutsaren hurrengoak ginen eta.

Jesusen ondorengo seme zaharrena, hamaika urterekin, gure aita zen. Eta alaba zaharrena, bederatzi urterekin, gure ama. Gure Maritxu eta gure Tomas, 9 eta 11 urterekin, ezpalak kentzera joaten ziren Kerejetarenera [ontziola], baita Getariara antxoak garbitzera ere, umeen eskuek hobeto maneiatzen zituztelako.

Bilbora joan zenean, han lanean geratu zen aita, berehala ezin zelako etorri Zumaiara. Lana topatu zuen, eta amarekin joan ginen gu aurrerago. Manueltxo eta biok, bi txikiak, lehenengo, eta gainontzeko anai-arrebak aurrerago, ahal izan zutenean. Atxuriko trenean joan ginen, eta oraindik gogoratzen dut nolako estutua eman zidan aitak. Cortes kalearen inguruan pasatu genuen gaua, eta oroitzen naiz zakuak zeudela leihoetan, gortinen lekuan, oraindik gerra bukatzeko zegoelako.

Aita eta ama errietan hasten ziren. Hala esaten zion amak aitari: "Hara, Manuel, benetan esaten dizut, Franco zerri hori moroek jan izan balute Afrikan egon zenean, zuk eta nik ez genuen pasatuko hau guztia". "Arrazoi duzu, Isidora", esaten zion aitak.

Amorrua ematen dio Aizpuruari garai hura oroitzeko Zumaian duela bost urte egin zen antzerkiak. Ez du bere begiz ikusi, baina kontatu diote nola egin zen 2017an kanporatzeen inguruko antzerkia, garai hartako arropekin jantzita eta abar. "Hori ez. Nik arrazoitu nahi dut, eta jakin dadila zer gertatu zen. Umiliazioak gertatu ziren, gose asko pasatu zen, gaixotasunak, jende asko hil zen, eta zigortuta egon ginen urte luzez", dio amorruz.

Noiz hasi zinen anaiaren arrastoari jarraika?

Urte batean Iñaki Egaña historialariarekin [Euskal Memoria fundazioko presidentearekin] hitz egin nuen gure anaiaz Durangoko Azokan, eta hark animatu ninduen Aranzadirekin harremanetan jartzera. 2008an bidali nien lehen gutuna Aranzadikoei nik nekiena azaltzen. Erantzuna 2011n iritsi zitzaidan, eta jartzen zuen ez zutela gure anaiaren arrastorik topatu. Nik berak Bartzelonatik bidali zigun argazki hau bidali nien [Jesus lagun gudari batekin agertzen da argazkian], banekien anaia Katalunian egon zela, eta bertako ospitaleetako informeak bidali zizkidaten Aranzadikoek. Nik esandakoari jarraika, ospitale guztietako erreferentziak atera zituzten, lan txukuna egin zuten. Baina izan nuen lehenengo notizia zen ez zutela bilatu.

Hurrengo pausoa Gogorarekin harremanetan jartzea izan zen, baina ez dakit zenbat urtean ez nuen haien berririk izan. Iaz, ordea, Lourdes ilobak jakinarazi zidan Europa Pressek publikatu zuen desagertuen zerrenda batean agertu zela Jesus Aizpurua. Ondo akordatzen naiz egun hartaz. Ostirala zen, shock batean geratu nintzen. Gogorakoei deitu nien astelehen hartan zergatik ez ninduten ohartarazi jakiteko, eta esan zidaten paper asko falta zirela, eta itxaroten ari zirela niri zerbait esan aurretik. Ni oso urduri nengoen, ezin nuen itxaron, eta handik gutxira bidali zizkidaten paperak Gogorakoek.

Kontu handiz, txukun-txukun gordeta dauzka Aizpuruak anaiaren bilaketarekin zerikusia duten paper eta dokumentu guztiak. Horien artean daude haren eskela eta heriotza ziurtagiria, baita soldadu zebilela jasotzen zuen nomina ere, sinadura eta guzti. “Horrek egiaztatzen du gudari ibili zela, kobratu zuela gudaritza”. Dokumentuaren arabera, 150 pezeta jasotzen zituen hamabostean behin. “Garai hartan asko zen hori”, dio Arantzak. Urte hauetan guztietan ez du anaiaren arrastorik ez berririk izan zumaiarrak. “Ez dirurik, ez txaketarik, ezta gerrikorik ere”, dio minduta. “Heriotza ziurtagiria epaitegi batean zegoen. Eta ez diote inoiz inori ezer esan! Krudela izan da hau, oso krudela”.

Heriotza ziurtagiria da dokumenturik baliotsuena Arantzarentzat. Honela dio: Jesus Aizpurua Zinkunegi, 17 urtekoa, Vallfogona de Riucorbeko ospitale militarrean hil zen, tifus sukarrak jota. Ekainaren 3an hil zen, eta bost egunera beteko zituen 17 urte.

Zer urrats egin zenuen gero?

Ez nekien nori eskatu laguntza. Daukadan urte pilarekin, gero eta ahulago nago, eta hau guztia egiteko ez nekien norengana jo. Nola egin? Memoria Democratica de Catalunya erakundearekin jarri nintzen harremanetan, jakiteko ea nola atera daitezkeen anaiaren hezurrak hobiratuta dagoen tokitik.

Gogorakoek esan zidaten 150 gorpu zeudela anaiarekin batera. Esan zidaten ezin zela atera, asko zeudelako. Bertara joateko ere esan zidaten, baina nola joango nintzen? Pandemia betean geunden, ni bakarrik bizi naiz, begietatik gaixotzen ari nintzen...

Albisteetan ikusi nuen hezurrak atera zituztela 137 gorpu zeuden beste hobi komun batetik, eta orduan, berriro ere hasi nintzen lata ematen. Memoria Democráticakoek esan zidaten Zumaiako Udalak egin zezakeela zerbait, eta haiekin jarri nintzen harremanetan.

Esan didatenez, ez da ezinezkoa, baina oso luze jo dezake. Nik daukadan adinarekin, ez dut ikusiko nire anaiaren hezurrak ateratzen, baina ondo lotuta utzi nahi dut hau, eta ziurtatu noizbait aterako dutela.

Zumaiako Udaleko Marina Bidasoro zinegotziarekin harremanetan ipini nuen Lourdes iloba. Udala Vallfogona de Riucorbekin harremanetan jarriko da, eta haiek Memoria Democratikakoei pasatuko diete kasua. Prozesua martxan dago, eta nahiko trankil nago orain. DNA ateratzera ere joan nintzen, Memoria Democraticakoek hezurrak ateratzean egiaztatu dezaten gure anaia zela.

Beraien eskuetan laga dut zeregina, eta lasai nago. Uste dut bete dudala gure gurasoen borondatea. Baita nirea ere. Gure anaia hau dagoeneko ez da gure familiakoa soilik, herrikoa ere bada. Gure historia hori da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide