Haurren Kontseilua abian, kide berriekin

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 6a, 16:30

Alkatetzaren aholkulari organo izaera duen haur taldea da, eta kide berriak ditu astelehenaz geroztik. Aisialdia landu zuten iaz, eta mugikortasuna zein haurren autonomia izango dituzte hizketagai aurten. 

9 eta 11 urte arteko haurrez osatutako taldea da Haurren Kontseilua, eta bere funtzioa da alkateari proposamenak eta aholkuak ematea. Talde horretako zaharrenek LH 4.mailako ikasleei eman zieten lekukoa joan den astelehenean egindako saioan. 

Taldeko zaharrenek kontseilua uztea adostu zuten iaz, beste batzuei lekua uzteko. Ikasturteko lehenengo saioan egin dituzte lan horiek: LH 6. mailakoek kontseilua utzi dute, eta 4. mailakoei eman diete erreleboa. Saioan izan ziren haur horien gurasoak ere, bilkuraren nondik norakoen berri izan eta baimenak eman ahal izateko. 

Tokiko kudeaketarekin lotutako gaiei buruzko ikuspegia ematen diete alkateari. Iaz, esaterako, aisialdiaren inguruko azterketa egin eta gomendioak eman zizkioten. Iñaki Ostolaza alkateak azaldutakoaren arabera, proiektua osatzeko lanetan ari dira. Aisialdiaz hitz egin ondoren, mugikortasuna eta haurren autonomia izango dituzte hizketagai ikasturte honetan. Datorren astean egingo dute lehen saioa. 

2020an Oinherri egitasmora eta Haurren Hiria sarera batzearekin batera, "herri hezitzailea" izateko konpromisoa hartu zuen udalak. Haurrentzako eta haurrekin sortutako herria izateaz gain, aurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, eskubidedun herritartzat aitortzea dakar horrek, udalaren arabera.