Zaintzaz egun osoko jardunaldia prestatu dute Malen Etxeak, Emakumeon Etxeak eta mugimendu feministak hilaren 22rako

Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 6a, 12:32

Jardunaldien aurkezpeneko argazkia. (Emakumeon Etxea)

"Zaintzen duen Zumaia" irudikatu nahi dute, eta izena emateko epea zabalik dago. Hainbat hitzaldi eskainiko dute, eta txosten bat ere aurkeztuko dute, azken hilabeteetan ateratako ondorioekin.

"Zumaiarako zaintza eredu berria asmatzeko" lanean ari dira Emakumeon Etxea, Malen Etxea eta mugimendu feminista, eta urriaren 22rako, larunbata, egun osoko jardunaldia antolatu dute herrian. Topaketen helburua da zaintzaren inguruan formakuntza jasotzea eta zaintzen duen herri ereduaren inguruan hausnartzea.

Gainera, jardunaldi horretan Zumaia, zaintzen duen herria izeneko txostena aurkeztuko dute. Azken hilabeteotan herriko zenbait kolektibo eta kide elkarrizketatu ondotik ateratako ondorioak bildu dituzte bertan.

"Zumaiako herritar eta eragile sozialen artean zaintzen duen herri ereduari buruzko eztabaida sustatu eta garatzea da helburua. Zaintza lanen inguruan jarriko da arreta, baina foku nagusia adinekoenen eta desgaitasunak dituztenen iraupen luzeko zaintzen antolaketan jarriko da. Era berean, sistema publiko-komunitarioaz ere hausnartuko da".

Topaketetan, goizean zaintza lanen testuingurua izango dute hizpide, eta beste lekuetako esperientziak ezagutuko dituzte. Arratsaldean, berriz, Zumaia, zaintzen duen herria txostena aurkeztuko dute, eta ondoren, talde dinamika egingo dute, "guztien artean zaintzen duen herria irudikatzeko".

Izena emateko epea zabalik

Izen-emate epea zabalik dago sarean edo Emakumeon* Etxean, eta antolatzaileek eskatu dute garaiz emateko izena, antolaketa errazteko.

Gainera, ziurtatu dute haurtzaindegi eta itzulpen zerbitzua egongo direla. Izena ematean zehaztu beharko dira behar horiek.

Egitaraua

  • 09:45. Harrera eta materialen banaketa.
  • 10:00. Ongietorria eta aurkezpena.
  • 10:15-11:45. Zaintza lanak, Euskal Herriari argazki bat. Hizlaria: Matxalen Legarreta Iza, Soziologian Nazioarteko Doktorea UPV/EHU.

    Besteen esperientzietatik ikasten:

  • 11:45-12:15. Zaintza ereduari alternatibak. Zaintza antolatzeko beste modu batzuk. Hizlaria: Ana Garcia Mendoza, Fundacion Pilares para la Autonomia Personal.
  • 12:15-12:45. Atsedenaldia.
  • 12:45-13:30. Zestoa, zaintzen duen herria. Zainketen antolaketa sozialerako proiektua. Hizlaria: Xanti Ugarte, 3Z Zahartzaroa Zestoan Zainduz elkartea.
  • 13:30-15:30. Atsedenaldia.

          Nola egingo dugu Zumaian?

  • 15:30-16:00. Zumaia, zaintzen duen herria proiektuaren aurkezpena.
    Silvia Carrizo, Malen Etxea.
  • 16:00-18:00. Nolakoa da zaintzen duen Zumaia? Talde dinamika, Farapi Kooperatibaren eskutik.
  • 18:00-18:45. Ondorioak.
  • 19:00. Jardunalidaren amaiera.