Berrikuntzekin dator GUKA magazinaren denboraldi berria

Erredakzioa 2022ko urr. 5a, 19:00

Ostiralean itzuliko da GUKA magazina Urolako Komunikazio Taldearen tokiko hedabideetara. Denboraldi berri honetan, ohiko edukiak ez ezik, berrikuntzak ere izango ditu saioak. Besteak beste, GUKA Herriarteko Txapelketa nahiz Zurak eta ezpalak atala estreinatuko ditu UKTk. Aurreneko saioan landuko diren edukien artean izango da Mireia Galarza kazetariak Jon Kareaga ingurumen ekintzaileari egindako elkarrizketa.

Bueltan da GUKA magazina. Denboraldi berri honetan, ohiko edukiak ez ezik, berrikuntzak ere izango ditu saioak. Kirolaz, aisiaz, kulturaz nahiz ingurumenaz arituko gara, baina ez hortaz bakarrik. Eskualdeko herrietan murgilduko gara, Urola Kostako biztanleek inguruko herrietaz zenbat dakiten jakiteko. Horretarako, GUKA Herriarteko Txapelketa martxan da jada. Gainera, familia bereko kide ezagunak elkarrizketatu ditu Andoni Elduaien kazetariak Zurak eta Ezpalak izeneko atal berrian.

Aurreneko saioan, Mireia Galarza kazetaria ingurumen larrialdiaz arituko da Jon Kareaga zumaiar ekintzailearekin. Haren ibilbideaz, kezkez, sare sozialek eskaintzen dituzten aukerez eta ingurumen larrialdiaz egiten dituen hausnarketez aritu da solasean Kareaga. Urrutira joan gabe atalean, Xabat Olaizolak Munoaundi herri harresitua ezagutu du Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunako kideekin. Parean eta pareko atalean, Maialen Etxaniz kazetariak parez pare jarri ditu Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra eta Lierni Osa harri jasotzaile zarauztarra. Belaunaldi berriaz nahiz herri kirolen susperraldiaz aritu dira, Azpeitiko zezen plazan. Amaitzeko, Mikel eta Esti Markez musikariekin elkartu da Andoni Elduaien Zurak eta ezpalak ataleko lehen hitzordurako.   

Denboraldi berriko aurreneko atala ikusgai izango da ostiralean, 22:00etan hasita, Erlo Telebistan eta Urolako Komunikazio Taldeko webguneetan.