Flysch Trail 2022

Flysch Trailaren omenaldia jaso dute Indamendik eta Joxe Mari Azpiazuk

Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 3a, 14:28
Joxe Mari Azpiazu eta Lore Esnal, atzoko omenaldian. (Flysch Trail)

Mendi bazkunak 50 urte bete ditu, eta Lore Esnal taldekidea igo zen atzo mendi lasterketako oholtza gainera aitortza jasotzera. Azpiazu mendizale eta idazle azpeitiarra ere omendu zuten antolatzaileek.

Flysch Trail mendi lasterketak urtero omentzen du mendiarekin lotura duen pertsona edo talderen bat, eta atzo, hamahirugarren edizioan, Indamendi Mendi Bazkuna eta Joxe Mari Azpiazu mendizale eta idazlea izan ziren aitortza jaso dutenak.

Herriko mendizaleen elkarteak 50 urte bete ditu, eta urteurren borobil hori aprobetxatu dute mendi lasterketaren antolatzaileek euren omenaldia egiteko. Lore Esnal igo zen oholtzara taldearen izenean, eta omenaldiaren ondoren, "emozio handia" sentitu zuela esan zuen. Itxaropentsu agertu zen aurrerantzean taldeak egin dezakeen bidearekin: "Txikitan hasi ginen mendi taldean, eta beste batzuen lanaren fruituak jaso ditugu. Orain, gazte pilat bat datoz atzetik bultzaka, eta ea beste 50 urte betetzeko moduan garen", esan zuen.

Arritxu Iribar Kirol zinegotziaren eta Bosco Garitano lasterketaren antolatzailearen eskutik jaso zituzten oroigarriak Esnalek eta Azpiazuk. Aurrena, Andoni Egaña bertsolariak bertsoa eskaini zien, eta aurreskua ere dantzatu zieten.

Azpiazuk, gainera, ostiralean bere azken liburua aurkeztu zuen Aita Mari aretoan Sebastian Alvaro, Juanito Oiarzabal eta Juanjo San Sebastianekin batera.