Helene Alberdi: "Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin"

BeƱat Telleria Mujika | Berria 2022ko urr. 3a, 15:00

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen. Hona hemen Beñat Telleria Mujika kazetariak Berria egunkarirako egindako elkarrizketa.

Europako Distantzia Ertaineko Triatloi Txapelketa irabazi zuen Helene Alberdik (Bilbo, 1991) duela astebete. Ez zen nolanahiko garaipena izan, etxean lortu baitzuen, Bilbon. Azken metroetan ikurrina eskaini zioten, baina ezin izan zuen hartu; «bestela, ez nintzateke Europako Txapeldun izango», azaldu du. Nahiago izan du gai horretaz ez hitz egin.

Lehenengo aldiz aritu zinen nazioarteko proba batean. Garaipena zenuen helburu?

Galdera bera duela urtebete egin izan balidate, esango nukeen parte hartzearekin bakarrik oso pozik egongo nintzela, eta ez nuela irabazterik espero. Baina aurtengo emaitzak oso onak izan dira. Zarauzko triatloia irabazi nuen, eta baita Espainiako Txapelketa ere, Iruñean. Denboraldia nola joan den ikusita, aukera ikusten nuen, baina Europako txapeldun izan nintekeela pentsatzearekin bakarrik asko urduritzen nintzen.

Zer moduz sentitu zinen?

Oso ondo. Beroarekin asko sufritzen dut. Leihotik begiratu, eguraldia ikusi, eta argi ikusi nuen baldintza ezin hobeak zirela niretzat. Lasterketan bertan sentipenak oso onak izan ziren. Amaieran, korrika, sufritzea tokatu zitzaidan, baina horretan ere jakin egin behar da.

Bizikletan sufritu egin zenuen. Urrea galdutzat eman zenuen?

Lehenbizi igerian atera ginen, eta, txikitan igerilaria izan nintzenez, aurrean egon ohi naiz. Gainera, gogor aritzea gustatzen zait, lasterketa buruan jartzeko. Gero, bizikleta iritsi zen, eta horretan sufritu ohi dut gehien. Nire helburua zen aurkariak gehiegi ez urruntzea. Banekien korrika haiekin jaitsiz gero aukera izango nuela. Hasieratik arriskatu nuen, eta ondo atera zitzaidan.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo Berria.eus atarira.