Udazkeneko kultur egitaraua aurkeztu du udalak

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 30a, 18:00

Hitzaldiak, antzezlanak, ipuin kontaketak eta bestelako ekitaldiak ere izango dira Zumaian datozen hilabeteotan. 

Udazkenean aspertzeko aukerarik ez da izango Zumaian. Antzezlanez, ipuin kontaketez edo zine forum saioez osatutako kultur programazioa prestatu du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. 

Abendura bitartean zortzi antzezlan eskainiko dira Aita Mari zinema aretoan. Antzerki denboraldia –igande honetarako aurreikusita zegoen Uniko haur antzerkia dataz aldatu ondoren– Tanttaka konpainiaren Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlanarekin hasiko da. Urte amaierara arte helduentzako zuzendutako beste hiru antzezlan errepresentatuko dira Zumaiako aretoan: Oscar Terol komikoaren Mundos para lelos, Lore More antzerki taldearen Trapu zikinak, eta Horman Poster konpainiaren Souvenir.

Haurrek ere antzezkiaz gozatzeko parada izango dute udazkeneko hilabeteetan. Urriaren 23an Teatro Paraiso konpainiaren Uniko antzezlana izango da Zumaian, eta atzetik etorriko dira Benetan Be antzerki taldearen Batetik bestera, Borobil Teatroaren Narziso, eta Di Dau Antzerki Faktoriaren Frankenstein.

Musika ikuskizun berezi bat ere hartuko Zumaiako aretoak azaroaren 18an: Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikariek zuzendu eta interpretatutako Arineketan kontzertua izango da Zumaian, hain zuzen.

Antzerkiaz gain, ekitaldi gehiago ere izango dira Aita Marin. Bihar bertan, 19:00etan hasita, eta Zumaiako XIII. Flysch Trail mendi lasterketaren egitarau kulturalaren barruan, Sebastian Alvaro, Juanito Oiarzabal, Joxe Mari Azpiazu eta Juanjo San Sebastian mendizaleek liburu bana aurkeztuko dituzte. Urriaren 6an hasiko da Ostarrenak antolatzen duen zine forum denboraldi berria, Cinco lobitos filmarekin, eta hilaren 13an Urpeko zinema zikloa izango da Zumaiako zinema aretoan.

Aita Maritik kanpo, baina herriko beste txoko batzuetan ere izango dira ekitaldiak. Urriaren 10ean, astelehena, Elogio de lo manual hitzaldia eskainiko du Ignacio Suarez Zuloagak Alondegiko Oxford aretoan. Urriaren 11n, Joseba Sarrionandiaren bisita izango dute Irakurri Matte irakurle taldeko kideek. Urriaren 19an 2-3 urte inguruko haurrei zuzendutako ipuin kontaketa izango da liburutegian, eta egun berean Yayo Herrerok Ecofeminismo o barbarie hitzaldia eskainiko du Emakumeon* Etxean.