Elbira Zipitriaren eskultura bat kokatu du Aldundiak foru jauregiaren ohorezko patioan

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 29a, 16:21
Eskulturaren inaugurazioa egin dute gaur goizean. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoaren historiako izen handiei eskainitako espazioan errekonozimendua jaso duen lehen emakumezkoa dela adierazi du aldundiak.

Elbira Zipitria Irastortza zumaiarraren omenezko eskultura jarri du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak foru jauregiaren ohorezko patioan. Ekitaldian Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duGipuzkoak eta Euskadik "XX. mendean izandako erreferente eta ikur handienetakoa" dela Zipitria eta eskultura horren bidez "merezi duen lekua eta omenaldia" eskaini nahi izan dioola aldundiak haren heriotzaren 40. urteurrena betetzen den urte berean. Zipitria 1906. urtean jaio zen Zumaian, eta Donostian hil 1982an. 

Lurdes Umerez artista azkoitiarrak sortu du "Euskal Herriaren, euskal eskolaren eta euskararen azken hamarkadetako bilakaeran erabakigarria" izandako Elbira Zipitriaren omenezko eskultura. Pedagogo zumaiarraren argazki ezagun eta bakanetako batean inspiratutako brontzezko eskultura sortu du Umerezek. "Artelanaren oinarri gisa landutako piezan, berriz, haren ikasleek koadernotan lantzen zituzten olerkiak, marrazkiak eta eragiketak ikusi ahalko dira, klandestinitatean sortutako lehen ikastola haien pedagogia aurreratuaren lekuko".

Hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren ikasle eta lankide izandako 50 lagunen partaidetzarekin egindako ekitaldian azaldu dutenez, Francoren diktadurapean, "euskararen eta euskal nortasunaren sugarra bizirik mantendu eta belaunaldi berriei transmititzea" lortu zuen Zipitriak, Donostiako hainbat gurasoren laguntzarekin, klandestinitate erabatekoan ausardia handiz jokatuz. “Horrela, bere etxe-eskolako jardunean abangoardian ziren pedagogiak baliatuz, andereño berriei erakutsiz, euskarazko irakaskuntzari bidea ireki zion eta ikastolen mugimenduaren hazia erein zuen”, laburbildu du Olanok. 

Lehen emakumea ohorezko patioan

Foru jauregiko ohorozko patioan gogoratu duten lehen emakumea da Elbira Zipitria. Elkano, Larramendi edo Urdaneta bezalako pertsonak omendu dira espazio honetan, eta Elbira Zipitriarena erdian kokatu dute. Hala, diputatu nagusiak azaldu duenez, foru jauregiaren areto eta paretetan "agerikoa" den "hutsune historiko bat" emendatu nahi izan du aldundiak. "Asko eta asko izan dira gure gizartearen bilakaeran arrastoa utzi duten eta uzten ari diren emakume aitzindariak. Askotan isilarazi eta ikusezin bilakatuak, ozen aldarrikatu nahi dugu, herri erakunde gisa, emakumeek Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren eraikuntzan egin duten eta egiten duten funtsezko ekarpena, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu izan daitezen", adierazi du Olanok.