Hiru proposamen aukeratu ahal izango dira partaidetzazko aurrekontuen prozesuan

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 26a, 14:00

Aste Santuaren bueltan abian jarritako partaidetzazko aurrekontuen prozesua amaitzear da. Bozketa faseari ekingo zaio gaur, eta hogei proposamenetatik hiru aukeratu ahal izango dituzte herritarrek. 

Zertan erabili 500.000 euro herria hobetzeko. Galdera hori luzatu zien Zumaiako Udalak herritarrei Aste Santuaren inguruan abiatutako partaidetzazko aurrekontuen prozesuan. Milioi erdi euro gordeko ditu udalak datozen bi urteetako aurrekontuetarako, eta herritarrek proposatuko dute zertan gastatu eta erabili. Hala, gaur hasi eta urriaren 14ra arte izango dute zumaiarrek galbahea pasatu duten hogei proposamenetatik hiru aukeratzeko parada. 

Udaberrian hasitako prozesuak fase desberdinak izan ditu. Lehen fasean 281 proposamen jaso ziren. Errepikatutakoak kendu, eta 211ra jaitsi zituzten. Ondoren, hiru bilera egin zituzten herritarrekin, eta 33 proposamen lehenetsi zituzten. Udal teknikariek osatutako mahai teknikoak baloratu zituen ekarpen horiek udako hilabeteetan, eta azken fasera iritsi diren hogei proiektu zehatzak aukeratu zituen. Beste hamahiruak aurrekontu muga gainditzeagatik, udalak egitea aurreikusituta dituelako, edo arrazoi tekniko-legalengatik geratu dira kanpoan. 

211 proiektu horietako azken fasera hogei besterik heldu ez badira ere, Maider Alberdi zinegotziak adierazi du prozesua baliagarria dela ikusteko herritarrek zer behar dituzten. "Horretarako ere balio izan du prozesu honek".

Bozketa fasea abian

Bozketa fasera heldu diren proposamenak partaidetza.zumaia.eus webgunean ikus daitezke. Hogei proiektu horietatik hiru aukeratu ahal izango dituzte herritarrek gaur hasi eta urriaren 14era arte. Bozketak 16 urte eta gehiago dituzten, eta Zumaian erroldatuta dauden herritarren eman dezakete botoa. Horretaz gain, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek Gaztegunean botoa emateko aukera izango dute.

Datozen egunotan boto orria jasoko da herriko postontzietan. Behin orria beteta, udaletxean, kiroldegian, Alondegian, Gizarte Zerbitzuetan (Branka eraikina), Gizarte Zentroan (Hogarra) eta Oikiako eskolan jarri dituzten postontzietan utzi daitezke. Aurrez aurre uzteko aukera ere izango da Alondegi parean irailaren 30ean eta urriaren 24an (11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara) jarriko dituzten mahaietan. Online botoa emateko aukera ere zabaldu dute, partaidetza.zumaia.eus webgunean. 

Aukera horiez gain, urriaren 4an saio ireki bat egingo da udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Prozesuaren eta proiektuen inguruko informazioa emango da bertan.

Hogei proiekturen artean hiru aukeratu beharko dira. Hiru proposamen baino gutxiago edo hiru baino gehiago dituzten boto orriak baliogabetuta geratuko direla adierazi dute udaleko ordezkariak. Botoa emateko datu pertsonal guztiak bete beharko dira.