Saltokiek errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntza eska dezakete jada

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 26a, 11:00

Kanpoko errotuluak, toldoak, erakusleihoetako itsasgarriak eta bestelako euskarriak euskaraz jartzeko dirulaguntza jasoko dute establezimenduek. Azaroaren 30a baino lehen egin beharko dute eskaera. 

Aurten ere herriko merkatariei dirulaguntzak bideratuko dizkie udalak beren errotulu, toldo, itsasgarri edo bestelako euskarriak euskaraz jar ditzaten. Errotulazio elementuaren kostuaren % 50 lagunduko du diruz udalak, beti ere 300 euroko muga gainditzen ez badu.

Zenbait baldintza bete beharko dituzte, halaber, saltoki horiek. Helbide fiskala Zumaian izan beharko dute, zerga betebeharrak eguneratuta, eta toldo edo antzekoak ezartzeko kasuetan, udalaren baimena eskuratuta. Euskarriek, gainera, euskaraz eta zuzen idatzita egon beharko dute, eta argitu dute ez dituztela lagunduko errotulu elebidunak edo izen bereziak bakarrik dituzten errotuluak –kasu horretan, establezimenduaren jarduera euskaraz adieraztea hartuko da irizpidetzat–.

Azaroaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira laguntza jasotzeko eskakizunak. Eskatzaileek zenbait agiri aurkeztu beharko dituzte; hain zuzen, eskaera-orria beteta, euskaraz jarritako errotuluaren edo toldoaren aurtengo faktura eta ordaindu izanaren agiria, jarritako euskarriaren argazkia, eta hirugarrenen alta emateko agiria, banketxean sinatuta eta zigiluz jota (aurrez aurkeztu ez bada). Zumaiako Udaleko erregistroan edo Euskara Zerbitzuan aurkez daitezke eskaerak, baita online ere.