'Eskuak' artelan bilduma ikusgai da Oxford aretoan

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 25a, 11:00

Ostiralean egin zuten irekiera ekitaldia Zumaiako Oxford aretoan, eta artelanen bilduma bertan izango da ikusgai urriaren 16ra bitartean. Musikaz girotuta egin zuten inaugurazio ekitaldia. Eskuak gai hartuta eta artisauen lana goratuz sortutako erakusketa da, eta bisitariek askotariko neurri eta formatutako artelanak ikusteko aukera izango dute.

Ireki dute Ramon Suarez Zuloagak eskuak gai hartuta eta artisauen lana goratuz sortutako Eskuak izeneko erakusketa. Hain zuzen, ostiralean egin zuten irekiera ekitaldia Zumaiako Oxford aretoan, eta artelanen bilduma bertan izango da ikusgai urriaren 16ra bitartean. Musikaz girotuta egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Ramon Suarez Zuloaga artistak, erakusketaren komisario Ismael Manterolak, Zumaiako Alkate Iñaki Ostolazak eta Maria Zubimendi musikariak.

Bisitariek askotariko neurri eta formatutako artelanak ikusteko aukera izango dute; izan ere, margolanak, marrazkiak, eskulturak nahiz argazkiak jarri dituzte ikusgai; guztira, 60 artelan inguru. Horietako asko artisten eta bildumagilearen konplizitatearen lekuko dira. Astelehenetik igandera bitartean irekiko dute erakusketa, eta sarrera librea izango da. Astelehenetik igandera, 18:30etik 20:30era egongo da zabalik, eta asteburu eta jaiegunetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.