Liburu aurkezpenak egingo dira urriaren 1ean Flysch Trailaren barruan

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 21a, 17:00

Urriaren 2an jokatuko da mendi lasterketa. Bezperan, larunbatean, mendiarekin lotura duten lau liburu aurkeztuko dituzte Aita Mari zinema aretoan egingo den ekitaldian. 

Azken urteotan egin bezala, kultura-egitaraua prestatu du Flysch Trail mendi lasterketaren antolakuntzak. Aurreko urteotan hitzaldiak egin badira, aurten lau mendiko lau liburu aurkeztuko dituzte lasterketaren bezperan, urriaren 1ean, Aita Mari zinema aretoan egingo den ekitaldian. Saioa 19:00etan hasiko da. 

Zumaiako mendi lasterketan ohikoak diren hiru lagunek liburu bana aurkeztuko dute: Sebastian Alvarok Everest 1924, Juanjo San Sebastianek Cuanto es mucho tiempo, eta Juanito Oiarzabalek El placer de alcanzar la cumbre. Hauek gain, Jose Mari Azpiazu ere Zumaian izango da urriaren 1ean La vida al limite liburua aurkezten. Ekitaldiaren amaieran argitalpen hauek erosteko aukera izango da, eta egileek sinatu egingo dituzte.

Maratoi erdiko lasterketa

Urriaren 2an, igandean, korrituko da XIII. Flysch Trail mendi lasterketa. Aurten, maratoi erdian bakarrik jokatuko da, 22 kilometroko distantzian. Goizeko 10:00etan hasiko da proba, eta WMRA Munduko Koparako puntuagarria izango da.