Zabaldu dute euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 17a, 09:00

Beste urte batez, ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak lagunduko ditu udalak. Irailaren 29ra arte aurkez daitezke laguntza jasotzeko eskaerak. 

Udalaren Euskara Zerbitzuak zabaldu berri du euskara ikastaroak diruz laguntzeko deialdia. Irailaren 29ra arte aurkeztu ahal izango dira deialdira helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak, eta ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak lagunduko dituzte diruz. 

Dirulaguntza horietara aurkezteko, beharrezkoa da Zumaian erroldatuta egotea eta % 80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea. Baldintza horiek betez gero, langabeen kasuan, matrikularen % 100 eskuratu ahal izango dute ikastaro guztietan; gainerakoei % 75 lagunduko zaie. 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Dirulaguntzaren eskabidea beteta (hirugarrenen altako orria barne)
  • Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria
  • Egindako ikastaroan asistentzia % 80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak berak emana
  • Hirugarrenen alta emateko agiria (baldin eta aurrez aurkeztu ez bada edota aurreko kontua aldatu bada)
  • HABEren dirulaguntzen 2022ko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik)

Eskaerak udaletxean bertan aurkez daitezke, edo nahiago izatekotan, online, Zumaiako Udalaren webguneko egoitza elektronikoan. Oinarriak eta argibide guztiak ikusgai daude GAOn.