Euskaraldiko abestiaren bideoklipa, bideoan

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 14a, 14:30

Euskaraldiaren entsegu orokorra egiteko baliatuko da Olarro Eguna Zumaian. Zenbait ekintza antolatu dituzte Euskaraldiko batzordekideek, tartean, Euskaraldiaren abestiaren koreografia egingo dute zumaiarrek herriko kaleetan.

Bi hilabete falta dira Euskaraldirako, baina ariketa kolektibo horrekin lotutako zenbait ekintza antolatu dituzte dagoeneko Zumaian. Olarro Egunean, larunbatarekin izango da hurrengoa: Euskaraldiaren abestiaren koreografia egingo dute lau tokitan, Beheko plazan hasi eta Amaia plazara bitartean, Astinduren laguntzarekin. Jendeak aurrez koreografia hori ikasteko aukera izan dezan, gainera, bideo batean jaso dute. 

Euskaraldia gaurtik gauzatzen

Kalejira horrez gain, egun horretan jarriko dituzten txosna guztiak arigune izendatuko dituzte, eta beraz, euskaraz lasai aritzeko aukera eskainiko dute. Euskaraz egitea errazteko, txosnan arituko direnek lehen hitza euskaraz egingo dute. 

Postu bat ere jarriko dute Euskaraldiko batzordekideek, goizez Kofradia inguruan eta arratsaldez Beheko plazan. Ahobizi eta belarriprest pegatinak banatzeaz gain, materiala salduko dute. Estalapeko oholetan Euskaraldiaren horma irudi bat ere margotuko dute astean zehar, gainera, Olarro Eguna bera eta datozen asteak girotzeko.