500 parte hartzaile izango ditu gaur arratsaldean jokatuko den Zumaiako Triatloiak

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 10a, 09:50

Proba herrikoia jokatuko da lehenbizi, 15:30etik aurrera, eta ondoren, 17:00etan hasita, sprint modalitatekoa.

Zumaiako Triatloi Taldeko kideak eta boluntarioak goizean goiz hasi dira triatloi bat behar bezala antolatzeko beharrezkoa den tresneria muntatzen Gernika parkean. Izan ere, arratsaldeko lehen orduetatik aurrera jokatuko da Zumaiako Triatloia. 

Pandemiaren ondorengo lehen edizioa izango da, eta iaz, osasun egoera oraindik aldakorra zenean, sprint modalitateko proba bakarrik jokatu bazen, oraingo honetan herrikoia ere jokatuko da. Izenak emateko aukera dagoeneko itxi da, eta 500 triatleta inguru bertaratuko dira Zumaiara kirol jarduera honetan parte hartzera: 200 arituko dira proba herrikoian eta gainontzekoa 300ak federatuan edo sprint modalitatekoan. 

15:30ean aterako dira triatloi herrikoiko parte hartzaileak Arbustaingo arranplatik. 350 metro egingo dituzte igerian: behin Arranplatik aterata, errioan aurkituko duten buia bati buelta eman, eta Moilaberri zubi ondoko eskaileretatik aterako dira –kirolari egokituen kasuan, 15:20an abiatuko dira moilako pantalanetik eta itsas kiroldegiko arrapalan aterako dira–. Han bizikletetara igo, eta txirrindularitza probari ekingo diote. Zumaia-Oikia-Xey biribilgunea-Oikia-Zumaia bidea egingo dute triatletek bizikleta gainean; guztira, 10 kilometro. Bizikletak Gernika parkean utzi, eta korrika saioa hasiko dute. Bi kilometro pasatxo egingo dituzte Gernika parkea eta Paolaldea artean egokitutako zirkuituari bira bat emanaz. 

Behin proba herrikoia amaitzen denean, triatleta federatuen txanda helduko da. Hauek sprint modalitateko probari ekingo diote, 17:00etatik aurrera. 750 metroko igeriketa saioarekin hasiko dute lana: Arranplatik atera, errioan Aita Mari jatetxe parean jarriko duten buiari buelta eman, eta Moilaberriko eskaileretatik aterako dira –kirolari egokituak Itsas kiroldegiko arrapalatik aterako dira–. Bizikletan 20 kilometroko bidea egingo dute, Zumaia, Aizarnazabal eta Zumaia artean, eta bukatzeko bost kilometro korrika, zirkuituari buelta bat emanaz. 

Trafikoan eragina

Kirol jarduera honek izango du eragina herriko eta inguruko errepideetako trafikoan. Hala, arratsaldeko une batzuetan, 15:30etik 16:15era eta 17:00etatik 18:20ra bitartean, Zumaia eta Getaria lotzen dituen N-634 errepidea eta Meagako errepidea itxita egongo dira. Horien ordez A-8 autobidea erabili ahal izango da. Zumaian bertan Patxita Etxezarreta kaleko errepidea itxi egingo dute aipatutako orduetan, eta Axular ibiltokia erabili ahal izango da Zumaiara sartu-irtenak egiteko. Horrek eragina izango du autobus zerbitzuetan ere.