Gaztegunea ezagutzeko ate irekiak izango dira datorren astean

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 11a, 09:00

Gazteguneak irailaren 15ean, ostegunean zabalduko ditu ateak ikasturte berrira begira. Aurreko bi egunetan zerbitzua ezagutzeko ate irekien jardunaldiak izango dira. 

2022-2023 ikasturtean 12 urte beteko dituzten gazteei (DBH1ean hasitakoak edo 2010ean jaiotakoak) zuzendutako zerbitzuak ateak zabalduko ditu datorren astean, irailaren 15ean. Hori dela eta, Gaztegunea ezagutzeko ate irekien bi egun izango dira, gazteek zein beraien familiek Gazteguneko eskaintza eta bertako hezitzaileak ezagutu ditzaten. 

Ate irekien bi saio izango dira. Irailaren 13an, asteartea, 17:00etatik 20:00etara bitartean izango da lehena, eta guraso eta tutoreei zuzendutako saioa izango da; arratsaldean zehar nahi dutenean pasatu ahal izango dute. Bigarren saioa asteazkenean izango da, hilaren 14an, ordu berean. Saio hau 2010ean jaiotako nerabeei zuzendutakoa da, eta arratsaldean zehar nahi dutenean pasatzeko aukera izango dute.

12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako zerbitzua da Gaztegunea, eta adin tarte honetako gazteei arreta emango dien "erreferentziazko leku" izatea du helburu. Bertan, tailerrak, txapelketak edota jolasak izaten dituzte alde batetik, eta, bestetik, gazteek beren kasa ekintza libreak egiteko aukera ere zabaltzen zaie, "autonomia eta autokudeaketa garatzeko". 

Izen ematea

Gaztegunean izena emateko bi modu daude: izen emate orria bete eta posta elektroniko bidez Gazteguneko helbidera bidaltzea, hona, edo Gaztegunean bertan orria betetzea.

Informazio gehiagorako, 688 61 29 40 edo 633 46 71 32 telefono zenbakietara deitu daiteke, edo Gaztegune bertatik pasatu, Kantauri plazako 13 zenbakitik.