Euskaraldiko entsegua egingo dute aurtengo Olarro Egunean

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 7a, 19:00

Irailaren 17an egingo da Olarro Eguna. Koreografia bat prestatu du Astindu taldeak. Herriko zazpi elkarte arituko dira txosnetan eta bazkarian lanean.

Aski ezagunak diren arrazoiengatik, aurreko bi urteetan, 2020an eta 2021ean, ezin izan zen Olarro Egunik ospatu Zumaian. Aurten egoera bestelakoa da, eta pandemiagatik zabaldutako parentesia itxiz, bueltan izango da olagarroaren bueltan antolatutako festa eguna. Ohiko ekitaldiez gain, hirugarren Euskaraldiaren entsegu orokorra egingo dela iragarri dute gaur Alondegian egindako aurkezpen ekitaldian.

Hamar egun barru, irailaren 17an, ospatuko da Olarro Eguna Zumaian. Bi hilabete geroago, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean, Euskaraldiaren hirugarren edizioa egingo da. Olarro Egunean herriko kaleak jendez gainezka egongo direla jakitun, Euskaraldiaren Zumaiako batzordeak eta udalak egoki ikusi dute Euskaraldira begirako "entsegu orokorra" egun horretan egitea. Hala, Xabier Azkue udaleko euskara teknikariak azaldu duenez, belarripresten eta ahobizien rolak identifikatuko dituzten pegatinak emango dira egunean zehar herriko puntu desberdinetan jarriko diren mahaietan: goizez Kofradiako plazatxoan izango da mahaia, eta arratsaldez Eusebio Gurrutxaga plazan.

Horrekin batera, Euskaraldiko abestia oinarri bezala hartuz Astindu Zumaiako dantza taldeak prestatutako koreografia dantzatuko dute herriko kaleetan. Taldea 18:30ean abiatuko da Beheko plazatik eta Amaiako plazara bitartean geldialdiak egingo ditu koreografia horiek dantzatzeko. Herritarrek ere izango dute dantza kalejira honetan parte hartzeko aukera. Izan ere, koreografia horiek bideo bidez jasoko dira eta aurreko egunetan ikusi, ezagutu eta entseatzeko aukera izango dute.

Ez dira hauek izango Euskaraldiarekin lotuta Zumaian datozen egunotan egingo diren ekintza bakarrak. Ariketa sozial honi lotutako horma irudi edo mural bat margotuko dute datorren asteazkenetik hasita Kofradiako Estalapea inguratzen duen egurrezko itxiduran. 

Argazki rallya hasteko

Olarro Eguna Zumaiako gizartean dagoeneko errotuta dagoen festa dela azpimarratu du Alex Oliden zinegotziak  aurkezpen ekitaldian. "Festa alaia da, eta alaitasun horren bueltan elkartzea pozgarria" dela gaineratu zuen. Festa egun hori antolatzen lagundu duten elkarteei eskerrak eman zizkien, eta gogoratu zuen aurten ere  hondakinak birziklatzeko apostua egingo duela udalak. "Hondakinak konpostagarriak egiteko saiakera egingo dugu, eta herritarrei ere hondakin horiek sailkatzeko eskaera egingo diegu".

Argazki rallyak emango dio hasiera eguneko egitarauari. Distira Argazki Elkarteak antolatutako lehiaketak hamaseigarren edizioa beteko du aurten, eta izango ditu aldaketa batzuk. Rallyan parte hartuko duten argazkilariek goizeko 9:00etatik aurrera emango dituzte izenak Alondegian hamar euroren truke. "Kanpotik jende dezente etortzen da, eta izena ematerako orduan jakingo dituzte zer gaien inguruan atera beharko dituzten argazkiak", azaldu du Eva Franco argazkilari eta Distirako kideak. Argazkilariek txartela entregatu beharko dute goizaren amaieran, "argazkiak ez modifikatu ahal izateko". Azken urteetan sari banaketa egunean bertan egiten zen, arratsaldez, baina rallya antolatzeak suposatzen duen lanagatik, antolatzaileek sariak banatzeko ekitaldia atzeratzea eskatu dute. Hala, oraindik ez dute erabaki noiz egingo den, baina udazkenean izango dela aurreratu zuten atzo. 

Gastronomiaren tartea

Goizean hasi eta igandeko ordu txikiak arte iraungo du Olarro Eguneko festa giroak Zumaian, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Gastronomiak, nola ez, izango du bere tartea, handia, gainera, egitarauan. Goiz partean, 11:00etatik aurrera, sukaldaritza erakustaldiaegingo dute Eusebio Gurrutxaga plazan: hainbat sukaldarik olagarroa prestatzeko modu desberdinak erakutsiko dituzte. 

Olagarro-zopa eta olagarro-brotxetak salduko dituzten sei txosna izango dira aurten: Amaiako plazan, Saregileen plazan, Erribera kalean, Zuloaga plazaren aurrean, Eusebio Gurrutxaga plazan eta Moilaberriko zubi parean. Azken honek, besteek ez bezala, goizez bakarrik egingo du lan, eta olagarro-brotxetak salduko ditu; beste bost txosnetan, berriz, zopa salduko dute goizez eta brotxetak arratsaldez. 

Herriko taldeak arituko dira saltoki hauetan lanean: San Pedro Abesbatza Amaiako plazako txosnan, OlarruSub Saregileen plazan, Zumaiako arraunlari beteranoak Erriberan, Indamendi Zuloaga plazan, Beduola Gurrutxaga plazan, eta Motxanekua zaldi elkartea Moilaberrin. Zazpigarren talde batek, Lourdeseko ospitalitateak herri bazkaria zerbitzatuko du. 

Esti Irureta turismo teknikariak adierazi duenez, herri bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan: 9 euroan helduentzako eta 6 euroan haurrentzako. 

Iruretak gaineratu du aurten olagarroa eta bestelako ekipamendua "asko garestitu" dela. Hori dela eta, aurreko urteetan baino olagarro gutxiago erosiko dute eta, ondorioz, elkarte bat gutxiagorentzako izango da lana. Hori bai, gaineratu zuen olagarroaren kalitateari egingo diotela kasu gehiago prezioari baino, eta erosterako orduan zaporea eta haren kalitatea aintzat hartuko dutela.

Egitaraua

Goiz partean. XVI. Argazki Rallya. Izen ematea

09:00etatik 10:00etara. Alondegiko Oxford aretoan.

10:00etan. Kuadrillen arteko batel estropada, Olarro Eguneko XIV. Bandera.  

Goiz partean. Olagarro zopa txosnetan.

10:00etan. Flyscheko olagarroa bisita gidatua euskaraz. %50eko deskontua kode hau erabiliz: olarroeguna. Erreserbak: www.geoparkea.eus

10:30etik 14:30era. Elikagaien azoka, Erribera kalean.

10:30ean. Haur eta gaztetxoentzako jolasak, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arbustaingo arranpla parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetxoak puskatzea, etab. 

11:00etatik 13:00etara. Eusebio Gurrutxaga plazan, olagarroarekin egindako sukaldaritza erakustaldia.

11:00etatik 13:00etara. Algorri interpretazio zentroan 6-10 urte bitarteko haurrentzat doako tailerrak. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943-14 31 00.

11:00etatik 14:00etara. Ateak zabalik Kofradian, arrain salmenta aretoa ikusteko. 

11:15ean. Hamaiketakoa olagarro harrapatzaile izandakoentzat, Kupela jatetxean (Hogarrean)

11:30ean. Herriko txistularien kalejira Astindu taldearekin.

12:15ean. Beheko Plaza eta Zarauzko Udaberri abesbatzen saioak herrian zehar.

13:00etan. Kalejira Zutrik trikitilarien eskutik.

14:30ean. Herri bazkaria Eusebio Gurrutxaga plazan. 

17:00etatik 19:00etara. Ateak zabalik Kofradian, arrain salmenta aretoa ikusteko.

17:30ean. Plaza dantzak Eusebio Gurrutxaga plazan.   

18:30ean. Euskaraldiko abestiaren koreografia herrikoa Astindu taldearekin, Eusebio Gurrutxaga plazan hasi eta Amaia plazara bitartean. Arratsaldez. Olagarro brotxetak txosnetan. 

19:30ean. The McKensy’s Clan Band txaranga herriko kaleetan.  

22:00etan. DJ Loti eta Julen Lujan Eusebio Gurrutxaga plazako karpan.