Pasio bereko hirukotea

Jabi Gonzalez Toston 2022ko ira. 3a, 14:01
Agirre anaiak Aitzuri frontoian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Mugerza eta Osa Goikoetxea anaiek zesta-puntan aurretik zabaldutako bidetik doaz orain Agirre anaiak. Cosme, Eduardo eta Gonzalo Agirrek badakite dagoeneko pilota modalitate honetan txapelak janztea zer den, eta dituzten helburuen inguruan hitz egin diote BALEIKEri. Uztaileko aldizkarirako egindako erreportajea da honakoa.

Indartsu sartu zen xistera Agirre de Jesus sendiaren etxean. Cosme (Zumaia, 1997) anaia zaharrena izan zen erreminta lehendabizikoz hartu zuena eta haren ereduari jarraitu zioten ondoren Eduardok eta Gonzalok (Zumaia, 2000 eta 2005). Hiru anaien aurretik ez da puntistarik izan etxean, aita futbolaria zen, eta amari erabat ezezaguna zitzaion kirola. 

Nolanahi ere, xisterarekin zaletu zen lehengoa ez zen Cosme izan. Berak futbolean aritu nahi zuen hasieran, baina kuadrillako beste hainbat lagunekin batera zesta puntan hasi zen eta jarraitu egin du. 

Eduardok, erdikoak, zuen garbien puntista izan nahi zuela; baita anaia nagusia kirola egiten hasi aurretik ere: "Umetan Odietako frontoi zaharrera sartu nintzen behin eta zesta puntako entrenamendu batekin egin nuen topo. Liluratuta geratu nintzen, zerbait berria zen niretzat, ez zuen loturarik ikusi eta egitera ohituta nengoen futbola edo eskubaloiarekin. Momentu horretatik bertatik izan nuen argi hori zela egin nahi nuen kirola".

Gonzalok oraindik ez du behin betiko erabakia hartu. Futbolarekin uztartzen du xistera, baina badaki iritsiko zaiola zirt edo zart egiteko unea. Horregatik, dagoeneko hasi da hausnarketa egiten: "Uste dut nik ere zestaren aldeko apustua egingo dudala, etorkizun oparoagoa ikusten dut, futbolari baino dohain handiagoa dut puntista gisa".

Hirurak aurrelariak dira; ohikoagoa da elkarren aurka jokatu behar izatea elkarrekin bikotea osatuta baino

Xisterarekiko zaletasunaz gain, kantxako postua ere partekatzen dute agirretarrek: hirurak aurrelariak dira. Ondorioz, ohikoagoa da elkarren aurka jokatu behar izatea elkarrekin bikotea osatuta baino. Edonola ere, azken hori ere egin dute inoiz. Horri dagokionez, Eduardo da bi anaiekin aritu den bakarra; hori bai, bera aurrelari beti: "Cosme eta Gonzalo moldatzen dira atzean jokatu behar badute; ni, ordea ez. Aurrelari petoa naiz".

Esan bezala, aurrez aurre gehiago aritu dira elkarrekin baino, eta ama omen da egoera deserosoen bizi duena: "Aurkari garenean ez da partida ikustera joaten. Urduri jartzen da ez duelako nahi semeetako baten alde jarri", azaldu dute Cosmek eta Gonzalok. Eurek, aldiz, lasaitasunez hartzen dute elkarren aurka jokatu behar hori. Hala ere, aitortu dute partida amaitutakoan irabazleak beti zirikatzen duela apur bat galtzailea. 

Alde horretatik, elkarren artekoa pike sanoa dela diote; baita gainerako aurkari guztiekin dutena ere. "Urteak daramatzagu zestan eta aurkariak bertsuak dira beti. Partida asko jokatzen ditugu eta jokalari gutxi gara. Horregatik, denok ezagutzen dugu elkar eta lagunak gara. Dena den, lehiakorrak ere bagara, noski", zehaztu du Cosmek.

Ezin jauzia egin

Maila profesionaletik kanpo joka daitekeen maila gorenean aritzen dira hiru anaiak, eta udako oporraldian salbu, urte osoan jokatzen dituzte partidak atsedenik hartu gabe ia. Uda aurreko hilabeteak izaten dira gogorrenak, hain justu. Astean lau partida izatera iristen dira maiatza eta ekaina inguruan. 

Cosme da partida gehien jokatzen dituena; Eduardoren arabera, ez dakielako ezetz esaten: "Txapelketa baterako deitzen dutenean beti ematen du baiezkoa; nik, berriz, ez. Anaia oso estu ibiltzen da gero, gainezka; nik nahiago dut lasaiago ibili. Gainera, ikasketei ere denbora eskaini behar diet". Txapelketa horiek sosik kobratu gabe jokatzen dituzte, baina kirola maite dute eta horrek ez ditu gogaitzen. 

Aldiz, sentitzen dute goia jo dutela eta ez dizkietela behar bezainbeste aukerarik eskaintzen profesionalekin jokoan aritzeko: "Maila profesionaletik kanpo irabazi daitezkeen txapelketa guztiak irabazi ditugu; tartean, Espainiakoa. Horrek, ordea, ez du aparteko saririk; gero, Munduko Txapelketara, profesionalak eramaten dituztelako. Espainiako txapeldun garenok, berriz, hurrengo urtean txapelketa bera lehiatu beharko dugu berriro", dio Cosmek atsekabetuta. Eta Eduardok zera gaineratu du: "Ez dago pizgarririk".

Hori gutxi balitz, zirkuitu profesionalean aritzen diren jokalariak apenas aldatzen dira, eta pare bat salbuetsita, guztiak dira 30 urtetik gorakoak. Hori dela eta, txapelketa handietan aurre kanporaketak izatea aldarrikatu du anaia zaharrenak: "Frantzian nahiko ohikoa da txapelketen aurretik sailkatze kanporaketak jokatzea. Horrek profesionalekin indarrak neurtzeko aukera ematen die gazteenei. Hemen ere horrelako zerbait egin beharko lukete, zirkuitutik kanpo aritzen garenok dugun maila erakusteko aukera izan dezagun. Agian ez ditugu profesionalak garaituko, baina ziur naiz lanak zail jartzeko gai garela". 

"Txapelketen antolatzaileek harmailak bete nahi dituzte. Horregatik, puntista berberengana jotzen dute beti. Gure aldean izen handikoak dira, nahiz eta gehienak onenak emanda dauden. Kontua da guri ez digutela ezagutzera emateko aukerarik eman", kexu da Eduardo.

Atzerria

Urte batzuk atzera eginda, gazteek atzerrian zuten modu profesionalean zestan aritzeko aukera hori. Arazo ekonomikoak tarteko puntista askok etxera itzuli behar izan dute, ordea. Cosme bera ere atzerrian aritutakoa da: lau hilabetez jokatu zuen Mexikon. Estatu Batuetara joateko aukera ere izan zuen, Floridara, zehazki, Dania Beach-eko frontoira; baina bisarekin arazoak izan zituen eta Zumaian geratu behar izan zuen. Azaldu duenez, kontratua itxita zuen arren, Donald Trump orduko presidentearen migrazioaren aurkako politikek galarazi egin zioten Estatu Batuetan jokatzea. Gerora beste eskaintza bat ere jaso zuen Daniatik, baina ordurako jakina zen frontoia ixtear zela eta nahiago izan zuen Euskal Herrian gaur egun duen lanpostuari eutsi.

Gonzalok penaz hartu zuen Daniako frontoiaren itxieraren albistea. Aitortu duenez, berak ere atzerrian jokatzeko ilusioa zuen, anaia nagusiak bezalaxe. Halere, ilusio hori ez du erabat galdu: "Espainiako txapelduna naiz 22 urtez azpikoetan eta ekainean Europako Txapelketa jokatzeko aukera izan dut Tolosan (Frantzia). Halako txapelketek jokatzen jarraitzera animatzen zaituzte, nahiz eta etorkizuna gero eta ilunago ikusi".

Agirretarren aurretik

Zumaian izan dira zesta puntan aritu diren familia bereko hirukote gehiago ere. Muguerza Perello anaiak, esaterako: Juan Ramon (Zumaia, 1963), Manu eta Miguel (Florida, 1965 eta 1967). Hirurak Estatu Batuetan aritutakoak dira haien aita bezalaxe, Manuel Muguerza (Zumaia, 1935). Azken hori izan zen, hain justu, kirolari herrian bultzada eman ziona. Berak zabaldu zuen Zumaian gaztetxoei zestan erakusteko lehen eskola. Bertatik pasatu zirenen artean, Osa Goikoetxea anaiak. Hiru, horiek ere: Luis, Igor eta Iñaki (Zumaia, 1975, 1976 eta 1980).

Xisteraz hitz egitean, ezinbestean aipatu beharreko abizena da Goikoetxea, zeren, anaia gazteena, Iñaki, inoizko puntista handienetako bat da. Hala ere, nork daki zer gertatu izango zen aurrez haren anaiek bidea hasi ez balute; izan ere, Iñakik berak azaldu duenez, anaien eredua jarraitu zuen berak: "Bi anaia zaharrenak izan ziren zestan jokatu zuten etxeko lehenengoak. Gernikan ditugun senitartekoen bitartez lortu genuen lehenengo zesta eta Zumaian antolatu zituzten zesta eskoletan hasi ziren Luis eta Igor. Eurak ikusita animatu nintzen ni ere. Etxeko paretaren kontra aritzen nintzen poliki-poliki anaietako batek berarekin frontoira eraman ninduen arte".


Muguerza anaiak aitarekin. (Utzitakoa)
 

Gerora anaia zaharrak izan ziren gazteenaren eredua jarraitu zutenak, Iñaki izan baitzen atzerrira joaten lehena. 16 urte zituela jokatu zuen estreinakoz profesional modura Milanen. Handik Estatu Batuetara mugitu zen eta frontoi batetik bestera ibili. Anaiak Estatu Batuetan batu zitzaizkion eta Luisen aurka ia egunero jokatu behar izan zuen biak zirelako aurrelariak. Igorrek, aldiz, atzelari jokatzen zuen eta izan zuten bikote osatzeko aukerarik tarteka. Hirurak bereizteko, kamisetaren bizkarraldea irakurri besterik ez zegoen, Luisek bere izena zeraman, Igorrek lehen abizena, eta Iñakik bigarrena.

Iñaki da hiruren artean aktibo jarraitzen duen bakarra eta oraindik ere hara eta hona dabilena. Igorrek, duela 15 bat urte utzi zuen kirola etxera itzultzeko eta Luisek duela lauzpabost. Estatu Batuetan jarraitzen du, baina aurki omen da etxera itzultzekoa. 

Edonola ere, Iñakik dio dagoeneko igartzen duela gorputzaldia ez dela lehengo bera. Hori bai, aurrera jarraitzeko gogorik ez zaio falta, eta gorabeherak gorabehera, sasoiko dago. Horregatik, momentuz nahiago du erretiroari datarik ez jarri, dituen sentsazioen arabera hartuko du erabakia. Erreleboari dagokionez, bestalde, gazteek lehen baino zailagoa dutela uste du eta jaialdietan aldaketak egitearen aldekoa da bera ere. Irtenbide posible bat esku pilotan estelarraren aurretik eta ondoren jokatzen diren lehen eta hirugarren partidak leheneratzean ikusten du: "Erakusleihoak lirateke gazteentzat".