Nolako herria: elkarrizketak 2022

“Solidarioagoak izango garela uste dut”

Ainhoa Ostolaza Enjuto 2022ko eka. 30a, 12:45

Jesus Maria Ostolaza, Zumaia herriko biztanle bat da eta 2050. urtean bere ustetan herriak jasango dituen aldaketak nolakoak izango diren ezagutzeko aukera izango dugu, egin dizkiogun biztanleria, ekonomia, jasangarritasuna, klima aldaketa eta jendarteari buruzko galdera batzuk erantzunez. 

Zure ustez 2050. urteko biztanleria kopurua handiagoa izango da, berdin jarraituko du edo murriztu egingo da? 
Berdin samar jarraituko duela iruditzen zait; beharbada orain baino pixka bat gehiago izango gara, baino ez askoz gehiago. Orain 10.000 bagara, gero gehienez 12.000 inguru izango gara, hemen biztanleria pixkanaka-pixkanaka ari delako hazten. Orain dela urte pila, adibidez, 8.000 ziren eta orain 10.000, beraz berriz ere askorik ez dela igoko iruditzen zait.

Zure ustez bizi-iraupen tasa zenbat urtekoa izango da?
Berdin samarra. Ez dut uste asko igoko denik hemendik aurrera, hau da, 85 bat urte ingurukoa izango dela iruditzen zait.

Herriko saltokiak irekita mantenduko direla, ala bertan behera geratuko direla pentsatzen duzu?
Batzuek itxi egin behar izango dutela uste dut, orain konpetentzia handia baitago bai internetez eta bai zentro edo denda handietan erosten dugulako askotan. Orduan, zaila izango da denda txikiek horrenbeste denboran eustea.

Abereek emandako produktu naturalak, hau da, baserrietakoak kontsumitzen jarraituko dugu, edo artifiziala izango da jatekoa?
Zaila izango da baserrikoa mantentezea, zerbait egongo den arren, garestia izango delako. Gainera, dena merkea nahi dugunez, abeltegi handi eta arrain-haztegietako produktuak gehiago egongo direla pentsatzen dut baserrietakoak baino.

Iturri berriztagarriak sortzeko lantegi eta zona berriak sortuko direla uste duzu Zumaian?
Ez dut uste, Zumaia ez baita herria honelako gauzak eraikitzeko. Beste herri batzuetan egingo dituztela pentsatzen dut, Zumaian lantegiak eraikitzea zaila izango delako, ez baitago lekurik gauza horietarako.

Herrian zehar ibiltzeko gaur egungo garraiobideak baino gutxiago kutsatzen duen beste batzuk erabiliko dira Zumaian 2050. urtean?
Ez, uste dut berdin samar izango dela. Kotxeak, bizikletak eta hainbat gauza egongo dira orain bezalaxe, baino ez dut uste berririk erabiliko denik. Beharbada herria pixka bat itxi egin beharko dute herritarrentzat bakarrik, herrian nahiko kotxe badaudelako, eta kanpotarrentzat aparkatzeko leku gutxi egongo delako. Baina bestela berdin samar, autobusak ez dituztelako jarriko nire ustez, herria txikia delako.

Zumaiako larreek bizirik jarraituko dute, edo kutsadurak eta eraikinek suntsitutako paisaiak edukiko ditugu?
Ez dut uste. Gauzak berdin samar egongo direla pentsatzen dut, orain bezalaxe. Ez dut pentsatzen gauzak asko aldatuko direnik, lehen baino gehiago gaudelako mentalizatuta plastikoak eta horrelako gauzak lurrera edo mendira ez direla bota behar. Orduan uste dut arazo hori hobetu egingo dela, baina bestela berdin samar.

Urak kostaldeko paisaiak jango dizkigu, edo alderantziz izango da, hau da, herria handiagotu egingo da urak duen espazioa hartuz?
Ez dut uste. Beharbada neurri batzuk hartu beharko dira erreketan edo ibaietan, baina 2100. urterako 10 bat zentimetro igoko direla esaten dutenez, 20 urtean ez dut uste askorik igoko denik itsas maila. Beraz, ez da askorik aldatuko nire ustez, hau da, oraintxe bezelaxe geratuko da.

2050. urteko biztanleak berekoiak eta haien buruan bakarrik pentsatzen dutenak izango dira, edo besteen buruan jartzen jakingo dute?
Uste dut besteen gauzak buruan sartuko zaizkigula, orain gehiago dakigulako besteen burutan jartzen. Lehen gehiagotan ginen geu, geu, geu, baina orain gehiago pentsatzen da besteetan. Orduan solidarioagoak izango garela uste dut.

Garai horretako gizartea etikoagoa izango da zure ikuspuntutik?
Bai, lehen esan dudan moduan orain baino etikoagoa izango da. Ez askorik baina bai.