Nolako herria: elkarrizketak 2022

"Zerbait egin beharko genuke euskara gal ez dadin"

Maddi Uribe-Etxeberria 2022ko eka. 30a, 12:10

Ane Atxurrak bere ikuspuntutik Zumaia nola ikusten duen 2050ean esango digu. Biztanleria, ekonomia, jasangarritasuna, klima aldaketa, eta jendarteari buruzko hinbat galdera erantzungo dizkigu. 

Zumaiako biztanleria handitu ala txikitu egingo dela uste duzu 2050ean? 
Nire ustez biztanleria handitu egingo da. Itsasoak beti erakartzen baitu jendea, eta Zumaia itsasaldean dago. Gainontzeko faktoreei dagokienez jaiotze kopurua txikitu, bizi itxaropena handitu eta emigrazioa ere haunditu egingo direla uste dut inguruko herri guztietan bezala. Hau guztia kontuan izanda, orokorrean biztanleriaren gorakada gertatuko dela uste dut Zumaian. 

2050ean orain baino haur gehiago jaioko direla uste duzu? 
Bikote gehienek 1 edo 2 haur izango dituztela uste dut. Orokorrean baliteke biztanleria eta haur kopuruaren erlazioa txikitzea.

2050ean Zumaian geldituko al da arropa dendarik?
Nire ustez arropa dendek jarraituko dute Zumaian. Herrian arropa erosi ahal izatea erosoa da eta bizitza handia ematen dio herriari. Hala ere, komertzio handiek, eta internet bidezko erosketek indar haundia dute eta joera hori ez dela aldatuko iruditzen zait. 

Zumaiako industria handitu egingo dela uste duzu? 
Bai. Zumaian badaude industria poligono bat baino gehiago. Egia da, industria guneek leku berean kontzentratzera jotzen dute, horrela hobeto funtzionatzen dutelako. Adibidez; Oikiako industria gunea handituko balitz, progresiboki betetzen joango litzatekela uste dut.

Zumaiako gasolindegiak itxi egingo direla uste duzu? 
Ez. Egia da kotxeak gero eta gehiago elektrikoak izango direla. Baina oraindik gasoil eta gasolinazkoek ere jarraituko dutela pentsatzen dut. Gasolindegiak eraldatu egin beharko dute, eta egoera berrira egokitu. 

Zumaian eguzki plakak erabiliko direla uste duzu?
Bai. Gaur egun industria berrian jartzen dira plaka fotoboltaikoak. Laister, pentsatzen dut erakunde publikoek jarriko dituztela, udaletxeek, eskolek etabar…Eta ondoren etxeetan ere jartzen hasiko direla. Egia da oraindik ez direla guztiz errentagarriak baina bide horretan aurrerapauso handia ematen ari da. 

Itsasoaren maila igo eta ondorioz Itzurun hondartza desagertu egingo dela uste duzu? 
Egia da itsasoaren maila igotzen ari dela baina ez dut uste Itzurun hondartza 2050erako desagertuko denik. 

Klima aldaketagatik euri gutxiago egin eta ur falta gertatuko dela uste duzu? 
Baliteke. Estadistikek diotenez euri kopurua urtetik urtera jaisten ari da. Noiz iritsiko den momentu hori esaten ez nuke jakingo. 

Zumaiako jendearen ohiturak aldatuko direla uste duzu? 
Bai. Beti gertatu den bezala gazteek beren ohitura berriak sortuko dituzte. Egia da ohiturak guztiz ez direla aldatuko, antzekoak izaten jarraituko dutela. 

Zumaiarren artean euskararen erabilera gutxituko dela uste duzu? 
Zoritxarrez bai. Urtero euskararen erabikera beherantz doa, eta zerbait egin beharko genuke euskara gal ez dadin.