Nolako herria: elkarrizketak 2022

“Gure esku dago bizitza kalitate hobeagoa izatea”

Lander Arregi 2022ko eka. 30a, 12:05

Blanca Rodriguezi galdetu diogu bere iritziz nolakoa izango den Zumaian 2050ean.

2050ean, Zumaiak zenbat biztanle izango ditu?
Nire ustez orain baino biztanle gutxiago izango ditu Zumaiak, gero eta ume gutxiago jaiotzen direlako eta gazte batzuk kanpora joango direlako lana egitera.

Jatorriari dagokionez, nolakoa izango da Zumaia?
Euskaldun biztanlez aparte atzerritar batzuk egongo dira, nire ustez Hegoamerikatik eta igual ekialdeko Europatik ere bai, orain dagoen gerra bukaeraren arabera.

2050ean, zumaiarrak diruz aberatsago edo pobreago izango dira?Nire ustez antzekoak izango dira, Zumaian tailer asko daude eta mantenduko direla pentsatzen dut. 

Zertan egingo dute lan zumaiarrek?
Nik uste dut lana aldatuko da, momentu honetan iraultza digital batean bete-betean gaude, lana ez digute robotak kenduko baina bai egokitu beharko gara, edozein lana egiteko robot edo makina horiek erabiltzen jakin beharko dugu eta langile horiek izango dira lanpostu onenak lortuko dituztenak.

2050ean, Zumaian jasoko al ditugu klima aldaketaren ondorioak?
Klima aldatzen ari dela errealitate bat da eta Zumaiak ere kontsekuentziak sentituko ditu. Kale batzuk ibaiaren oso gertu daude eta hori arrisku bat bihurtzen ari da. 

Ondorio posibleetatik, zein iruditzen zaizu kezkagarriena?
Erribera kalea hondoratzea edo Santiago gondartza desagertzea, adibidez.

2050ean, nolakoa izango da herriko energia kontsumoa?
Pixkanaka energia berriztagarriak nagusituko direla uste dut.

Zumaiarrak nola mugituko dira herrian bertan?
Oinez edo bizikletan, noski. Zumaia herri txiki bat da eta gero eta gero eta gehiago jabetzen ari gara ez dela kutsatu behar. 

2050ean, nolakoa izango da Zumaiako gizartea?
Gero eta edadetuagoa izango da. Ume oso gutxi jaiotzen ari dira eta gobernuak ez baditu laguntza asko ematen kaltea ez da soluzionatuko. Orain baino zahar etxe gehiago egongo dira.

2050ean, gaur egun baino hobeto edo okerrago biziko dira zumaiarrak?
Gaiari heltzen badiogu, natura zaintzen badugu eta prestatzen baldin bagara hobeto biziko gara; ezer egin gabe, begiratzen geratzen bagara, orduan okerrago. Ingurunea hobetu nahi badugu, neurriak hartu behar ditugu. Dena gure esku dago, etorkizuna guk egiten dugu, gure esku dago gure bizitza kalitate hobeagoa izatea.