Nolako herria: elkarrizketak 2022

“Mugikortasuna elektrikoa izango da”

Laida Lertxundi Zubikarai 2022ko eka. 30a, 12:03

2050. urtean Joxe Antonio Lertxundiren ikuspuntutik, Zumaiak jasango dituen aldaketen iritzia duzue. Horretarako, biztanleriaren, ekonomiaren, jasangarritasunaren, klima aldaketaren eta jendartearen inguruko galderak batzuk erantzun ditu. 

Zumaiako biztanleria handitu egingo da? Zergatik?
Nire iritziz handitu egingo da. Barneko jendeak kostara etortzeko haize hori edukitzen du. Hau dela eta, nik uste dut handitu egingo dela. 

Zumaiako gazteak herrian geratuko direla uste duzu?
Beti bezala, batzuk bai eta beste batzuk ez, betikoa. Batzuk kanpora lanagatik edota maitasunagatik joango dira eta beste batzuk berriz etorri egingo dira. 

Zure ustez, zure ondorengo generazioak jarraituko du bertako saltokietan lanean?
Saltokien eredu hau zaharkitzen ari dela iruditzen zait. Dena orain mezulari bitartez eta internet bitartez doa, erosketak eta honelakoak. Hau dela eta, saltokiak gauza bereziak izango dira. Agian ez dira izango saltokiak bertan egongo direnak; ileapaindegiak, internetetik egiterik ez baitago, albaitariak eta honelako negozioak izango dira. Baina saldu eta erosi egiteko negozio horiek geroz eta gutxiago egongo dira. 

Pobrezia etorriko dela uste duzu?
Hori nik ez daukat jakiterik. Pobrezia, arazo askoengatik etorri daiteke. Ikusi, orain dela hilabete ez genuen pentsatuko, Ukranian orain dagoen txikizioa. Edozer gauza gertatu daiteke. Gauzak doazen heinean, aberatsak aberatsagoak izango dira eta pobreak pobreagoak, hori beti bezala.

Nola mugituko dela uste duzu Zumaiako jendea herrian bertan?
Mugimenduaren ereduak aldatu egingo dira. Orain erregai fosilekin erabiltzen diren makina hauek guztiak ebitatzen edo kentzen joango dira. Mugikortasuna elektrikoa izango da. Herrian autoak eta honelako garraioak ateratzen saiatuko dira. Mugimendua hortik doa, eta halaxe izango da. 

Orduan, erregai fosilen erabilpena murriztu egingo da? 
Bai. 

Klima aldaketa dela eta, Zumaian leku batzuk itsasoaren eraginpean ikusten dituzu?
Ez dakit, baina baietz esango nuke. Poloak urtzen ari diren heinean, uraren maila igo egingo da. Irudikatu marea bizietan berehala ura ateratzear badago, metro bat edo 1.5m gora egiten baldin badu uraren mailak, itsasoak gainezka egingo du. Beraz, horri eusteko dikeak edo atxikatzeko, ez dakit nola egin beharko den, baina herriak hor jarraitu behar badu, neurriak hartu beharko dira urak gora ez egiteko. 

Klima aldaketa dela eta, zer arazo izan ditzake Zumaiak?
Klima aldaketa dela eta, hasteko lehen esan dudana. Bestetik, beste gauza batzuei eragingo dietenak; lehorte handiagoak, eurite handiagoak, denborale handiagoak… bide horretatik doa. Ez badugu karbono dioxidoaren gai hau jaisten, okerrera joango da. 

Zumaiako jendea aztoratu egingo dela uste duzu, gizartean desadostasun gehiago edukiko dugula eta?
Ez zait iruditzen. Izan ere, desadostasuna eboluzio bat da. 30 urteen barnean gutxinaka egiten den eboluzio bat da, ez da kolpetik bai edo ez, berehala jartzen diren gauzak. Orduan gutxinaka jendeak aldatzen joan beharko du, eta egokitzen.

Zure ustez robotek egingo dituzte gaur egun herritarrek egiten dituzten gauza batzuk?
Bai, gero eta gehiago. Geroz eta robot gehiago dago, geroz eta egokitutako robot gehiago daude. Gainera normala da robotek gizakiei lana kentzea. 

Dena okerrera joango da? Bizimodu okerrago batean biziko gara? Zergatik?
Ez dakit okerrago, edo hobeto, ez dakit. Lehen esan dudana, batzuk aberatsago izango dira, aberatsak ondo biziko dira, orduan ere. Askatasun aldetik berriz, geroz eta kontrolatuago egongo gara. Geroz eta gehiago jakingo dute non eta nola gabiltzan, zer egiten dugun, zer ez dugun egiten… Azkenean telefono bitartez, ipurdian ere txipak sartuko dizkigute, eta nondik nora gabiltzan… dena jakingo dute. Askoz ere kontrolatuagoa izango da, gaizki aparkatzen duzunean, gaizki aparkatzen duzulako, eta, ez dakit, pixa tokitik kanpo eginez gero, ikusi egingo da.