Nolako herria: elkarrizketak 2022

“Pixkanaka denda asko ixten ari dira eta pena bat da”

Izaro Etxabe 2022ko eka. 30a, 11:49

Zumaia 2050ean nolakoa izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu. Hemengo honetan Ane Zabaletaren iritzia jaso dugu.

Zumaiako biztanleria handitu ala txikitu egingo dela uste duzu 2050ean?
Uste dut 2050. urterako segurazki biztanleria handitu edo mantendu egingo dela, batez ere ikusita jendea geroz eta urte gehiago bizitzen dela, inguruko herrietatik ere jendea hurbiltzen dela Zumaiara bizitzera eta kanpotarrak edo beste leku batzuetatik ere inguratzen direnak bizitza hobe baten bila; baliteke biztanleria handitzea.

2050ean orain baino haur gehiago jaiko dira?                                                              
Hori ez dakit, bertakoak ikusita geroz eta haur gutxiago dituztela edo familia askok haur bat, bi edo haurrik gabe bizitzen direla, igotzekotan izan beharko luke kanpotik datorren jende horrek gure ohitura desberdina dituztelako eta igual oraindik ere haur gehiago edukitzen dituztelako; ez dut garbi.

2050ean Zumaian geldituko al da arropa dendaren bat?                                                       Etorkizun zaila dute ikusita azkeneko urte hauetan Zumaian gertatzen ari dena, alde batetik Interneterako ohitura geroz eta gehiago dagoelako, pandemiak ere oso gogor jo duen sektore bat delako eta pixkanaka denda asko itxitzen ari direla, pena bat da. Niri gustatuko litzaidake pentsatzea momenturen batean honek buelta emango duela eta ikusiko dela beharrezkoa dela herrian dendak edukitzea eta geroz eta gehiago animatuko garela eta direla gaur-egungo gazteak ere Interneteko hori pixka bat utzi eta herrian gehiago erostea.

Zumaian industria handituko al da 2050ean?                                                                Handitu ez dakit, badaude proiektu batzuk hor lehen Xey zen ingurune horretako partzelak eta erabiltzeko orain industriagune berriak eta egiteko. Gutxienez dagoena mantenduko balitz, ez litzateke bide txarra izango. Industria mantentzea nik uste dut garrantzitsua dela.

Zumaiako gasolindegiak itxi egingo al dira?                                                   Auskalo, energia aldatzen ari da eta badirudi gasolina eta gasoila alde batera utziko direla eta beste era bateko erregaiak edo energia erabiliko duela kotxeak; orduan, gasolindegiak mantenduko dira baino gasolina saldu beharrean beste energia batzuk salduko dituzte kotxe horiek martxan jartzeko. 

Zumaian eguzki-plakak erabiliko direla uste duzu?                                          Nik uste dut baietz, nahiko garbi dagoela, gaur egun badago martxan proiektu bat , kooperatiba bat, eguzki-plakekin energia eramateko etxebizitzetara eta herriko beste azpiegitura publiko batzuetara, eta nik uste dut hori epe motzean martxan jarriko dela eta zabaltzen joango dela, izan eguzki-plakak zein beste energia berriztagarri iturriren batzuk.

Itsasoaren maila igo eta ondorioz Itzurun hondartza desagertu egingo da?
Nik esango nuke, 2050. urterako Itzurun hondartza ez dela desagertuko guztiz, seguraski itsasoa paretaraino gehiagotan iritsiko da eta hondartza txikiagoa izango da gaur egungoa baino, baina hondartza bera ez dut uste desagertuko denik, bai estuagoa izango dela.

Klima aldaketagaitik euri gutxiago egin eta uraren faltan geratuko gara?
Hau ez dago argi honela izango den, gu gauden tokian gertatzen ari dena da hemendik hego aldera euri gutxiago egiten ari dela, baina hemendik ipar aldera geroz eta euri gehiago egiten du eta ez dago garbi zer gertatuko den gure ingurune honetan. Baina bai ikusten dugu, eta badakigu gertatuko dela, tenperatura igotzen ari dela eta igotzen jarraituko duela eta horrek ere ondorio bezala ekartzen du geroz eta ur gutxiago egotea, orokorrean ibaietan, akuiferoetan… Orduan, bai ur-eskasia izango da hemendik aurrera eta 2050ean seguraski arazo bat izango da.

Zumaiako jendearen ohiturak aldatuko direla uste duzu?                                              Ohiturak noski, 30 urteetan aldatzen jarraituko dute, seguraski atzera begiratzen badugu ere azkenengo 30-50 urteetan Zumaiako jendearen ohiturak aldatu egin dira eta gizartea beti eboluzioan dago eta beti pixkanaka-pixkanaka aldatzen joaten da eta generazio berriak ohitura berriak edukitzen dituzte edo desberdinak. Hala ere, nik espero dut ohitura batzuk mantentzea eta ezagutzea gure kulturarekin lotuta dauden ohiturak eta beraiek mantentzea.

Zumaiarren artean euskararen erabilera gutxitu egingo al da?                                      Ez dakit, espero dut ezetz eta kontuan hartuta gaur egun haur eta gazte guztiak euskaraz ikasten dutela eta euskara maila nahikoekin ateratzen direla beraien ikasketetatik ez luke arrazoirik egon beharko euskara galtzeko, baizik alderantzizkoa,  euskara geroz eta erabiliago izateko.