Nolako herria: elkarrizketak 2022

“Orain baino okerrago biziko gara, pertsonen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak izango dira”

Ane Guridi Aristondo 2022ko eka. 30a, 11:38

Galdera batzuk prestatu ditugu 2050. urtean, zumaiarren ustez, Zumaia nolakoa izango den jakiteko. Ainhoa Aristondo aukeratu dugu galdera hauei erantzuteko. Ainhoa ez da zumaiarra, Arroa Behekoa da, baina bere eguneroko gauza asko Zumaian egiten ditu eta Zumaiako egoera ongi ezagutzen du.

Zumaiako biztanleria handitu egingo dela uste duzu? Zergatik?
Bai. Nik pentsatzen dut orain arteko joera jarraituko duela eta handitzen jarraituko dela. Kanpotik ere jende gehiago etorriko dela uste dut.

Zuk uste duzu gazteak herrian geratuko direla?
Bai. Nik pentsatzen dut herrian geratuko direla baina gero eta zailago edukiko dutela etxebizitzak garestitzen joango direlako. Agian, inguruko herrietara joan beharko dira bizitzera.

Atzerritar asko etorriko al dira?
Asko ez dakit, baina orain baino gehiago etorriko direla pentsatzen dut.

Ondorengo urteetan turismoak gora egingo al du zure ustez?
Nik pentsatzen dut jadanik asko egin duela gora. Oso herri turistikoa bihurtu da Zumaia eta orain baino ere askoz gehiago ez dut uste, jada bada herri turistiko bat.

Pobrezia etorriko dela uste duzu?
Bai. Nik pentsatzen dut orain baino pobreagoak izango garela. Gainera, pentsatzen dut orain gazteek guk baino soldata baxuagoak izango dituztela.

Nola uste duzu mugituko dela Zumaiako jendea herrian bertan?
Nik pentsatzen dut herrian bertan gehiago mugituko direla oinez edo bizikletaz.

Energia berriztagarrien kontsumoak gora egingo duela uste duzu edo erregai fosilak erabiltzen jarraituko dugu?
Joera da energia berriztagarrien kontsumoak gora egitea eta joera horrek jarraituko du. Erregai fosilak gero eta gutxiago erabiltzen hasiko gara.

Klima aldaketa jasaten ari gara, baina, okerrera egingo duela uste duzu? Zergatik?
Bai. Okerrera joango da, zeren, hasi gara neurri batzuk hartzen, baina, nik uste dut neurri horiek oraingoz, behintzat, gutxi direla eta klima aldatzen joango da. Gero eta lehorte handiagoak izango ditugu, eurite handiagoak, poloetan izotza urtzen ari da eta horrek eragina edukiko du, itsasmaila igoko da eta bai, noski edukiko duela eragina.

Klima aldaketa dela eta Zumaiako leku batzuk afektatuta ikusten dituzu? Hala bada, zein leku?
Bai. Itsas mailaren igoeraren ondorioz, hondartzak desagertzen joango dira eta ibaiaren inguruko eremu batzuk ere arriskuan egongo dira.

Zure ustez robotek egingo dituzte gaur egun herritarrek egiten dituzten gauzak?
Bai. Gauza askotarako, bai. Denak agian ez baina gero eta gehiago, bai.

Zure ustez herriko ohiturak, hizkuntza eta nortasuna mantenduko dira?
Zaila ikusten dut orain arteko joera ikusita. Gero eta euskara gutxiago entzuten da kalean eta jendeak ez dauka lehenagoko ohiturak mantentzeko gogorik. Orduan, ederra izango litzake eta nire gogoa hori izango litzake, baina, oso zaila ikusten dut.

Zure ustez dena okerrera joango da, bizimodu okerrago batean biziko gara?
Nik pentsatzen dut orain baino okerrago biziko garela. Pertsonen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak izango dira, aberatsak askoz ere aberatsagoak izango dira eta pobreak askoz ere pobreagoak. Bai, nik pentsatzen dut okerrago biziko garela.