Nolako herria: elkarrizketak 2022

“Ikusten ari gara 50 urte hauetan zenbat kutsatu dugun planeta eta ez baditugu neurriak hartzen gorriak ikusiko ditugu”

Sara Olaizola 2022ko eka. 30a, 11:10

Bere iritziz Zumaia 2050ean nolakoa izango den galdetu diogu Joxe Mari Olaizolari.

Zure ustez 2050ean zein izango da hizkuntza nagusia Zumaian
2050ean hizkuntza nagusia Zumaian euskara izango da. Duela hainbat urtetatik lan ikaragarria ari dira egiten gazteekin eta gazteek menperatuko duten hizkuntza Euskara izango da.

Sozialak izaten jarraituko al dugu edo bakoitza bere etxean geratzeko ohitura nagusituko al da teknologiaren ondorioz?
Gizakiok animalia sozialak gara, gure artean erlazionatzeko beharra dugu. Baina gaur egungo gazteak teknologiarekin hartzen ari diren ohiturak oso desberdinak dira orain arte izan ditugunen ondoan. Beraien artean erlazionatzen dira, bai bideojokotan eta baita mugikorraren bitartez ere. Beraien ohiturak pixka bat kezkagarriak iruditzen zaizkit etorkizunerako.

Eta, zure ustez 2050ean euroa erabiltzen jarraituko al dugu? 
Bai, nik uste dut baietz. Euroa sortu zen urtean pezetak eta Europa guztiko txanpon guztiak batzeko, eta euroa sortu zuten dolarrari aurre egiteko, beraz, pentsatuko dut baietz.

Bizimodu kontsumista bat izaten jarraituko al dugu?
2050. urtean pentsatzen dut kontsumismo handia egongo dela, baina orain kontzientzia aldaketa bat ematen ari da pandemiaren ondorioz. Uste dut jendea bertako produktuak eskatzen ari dela, baina gertatzen dena da produktu horiek besteak baino askoz garestiagoak direla, eta ekonomiaren arabera gauzak nola dauden ikusi beharko dugu.

Eta zure ustez kotxeek gasolina erabiltzen jarraituko al dute edo elektrikoak izango al dira gehienak?
Beno, berez uste dut Europan 2030. urtetik aurrera motor esplosibodun kotxeak ezin izango direla eraiki, eta apustu bat egin nahi dute elektrizifrikatiboaren alde. Hala ere, ez nago ziur elektrikoak izango diren, baina beste motor mota batzuk daude, adibidez, hidrogenozkoak.

Uraren kalitateari dagokionez Zumaiako hondartzan lasai bainatzeko aukera izango al dugu?
Espero dut baietz.

Eta klima aldaketaren inguruan neurri zorrotzagoak hartuko al ditugu ala beste aldera begira jarraituko al dugu?
Klima aldaketaren ondorioen ondorioz neurri zorrotzagoak hartu behar ditugu, hori derrigorrezkoa da. Ez badugu hori egiten ikusten ari gara azkenean 50 urte hauetan zenbat kutsatu dugun gure planeta eta ez baditugu neurri horiek hartzen, gorriak ikusiko ditugu.

Ados, eta jendarteari dagokionez, herriko festa nagusiak ospatzen jarraituko al dugu?
Hori beti, San Telmoak San Telmoak izango dira eta, gora San Telmo!

Eta, herriko dendak zabalik jarraituko al dute edo guztia online erosteko ohitura nagusituko al da?
Gaur egun ikusten ari garen tendentzia Zumaian denda asko ixten ari direla da. Hemendik 30 urtera online asko egongo da, baina nik uste dut zerbitzu beharrezkoak direnak, adibidez, supermerkatuak, mantenduko direla.