Nolako herria: elkarrizketak 2022

“Agian, Zumaian bizitzea luxu bat bihurtuko da”

Uxue Torre Iturain 2022ko eka. 30a, 10:48

Bere iritziz Zumaia 30 urte barru nolakoa izango den galdetu diogu Rikardo Torreri.

Hemendik 30 urtera, proportzioan heldu ala gazte gehiago egongo dela uste duzu? Zein arazoren aurrean egongo gara horrela izaten bada?  
Heldu gehiago egongo dela esaten dute, gizartea zahartzen ari dela diote. Horrela bada, zaintza izango da arazoa baino kezka handienetarikoa.

Bizi-itxaropena luzeagoa izango al da? Edo laburragoa? Zergatik?
Bizi-itxaropena luzeagoa izango delakoan nago, hori izan da beti joera, osasun eta higiene aurrerapenak lagunduta.

Prezio igoera honek jarraitu egingo al du? Eta inflazio honek gure ohiturak aldatu egingo ditu?
Energia sortzeko era aldatzen ez badugu bai, jarraituko du, geroz eta erregai fosil gutxiago dagoelako. Ohiturak beti aldatzen dira.

Baserritarrek beraien produktuak saltzen jarraituko al dute edo dena industrializatuta egongo da?
Aurreko galderari lotuta doa nire erantzuna. Erosteko ohiturak aldatzen ez baditugu, baserria bera desagertuko da.

Kotxeak gasolinarekin erabiltzen ditugu. Aurrerantzean jendeak kotxe elektrikoak gehiago erabiltzen hasiko dira?
Bai, auto elektrikoak gero eta gehiago saltzen ari dira. Hori da joera.

Biztanleria igotzen bada, Zumaian denontzat lekua egongo da bizitzeko? Eta janari nahikoa egongo da?
Agian, Zumaian bizitzea luxu bat bihurtuko da. Kostaldean etxeak geroz eta garestiagoak dira eta aberatsak biziko dira Zumaian. Eta bai, janaria egongo da.

Hemendik 50 urtera uraren kalitatea berdina izango al da? Bainurako arriskurik izango al da?
Uraren kalitatea ona izango da, baldin eta murrizten badugu plastikoaren erabilera eta erregai-fosiletan oinarritutako itsas-garraioa.

Klima aldaketaren ondorioz tenperatura aldaketak izango ditugula uste al duzu? Baietz izanez gero, tenperaturak gora edo behera egingo duela uste duzu?
Galdera ez dago ondo planteatuta. Nire ustez, tenperatuta-aldaketa ez da klima-aldaketaren ondorioa, alderantziz da. Baina bai, igoko da.

Sexu-eraso kasuak jaitsi egingo dira, berdin jarraituko dute ala igo egingo direla uste duzu?
Berdin jarraituko dutela uste dut. Behera egingo dute soilik heziketa sexuala eta harreman sexualak normalizatzen direnean, eta tabuak eta erlijioek inposaturiko portaerak astintzen eta uxatzen ditugunean; adibidez amodio erromantikoak, monogamia eta pornoak islatzen duen irudi faltsua.

Eta euskararen erabilerak berdin jarraituko du?
Hori gure esku dago, baina oraingo egoerak, adibidez, orain dela 30 urtekoa baino askoz hobea dela uste dut.