Laboral Kutxa Udako Torneoko finala jokatuko da arratsaldean Aitzurin

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 27a, 10:08
Ostegunean aurkeztu zituzten Udako Torneko finalistak. (Emakume Master Cup)

Aldai-Capellan eta Etxegarai-Gaminde ariko dira aurrez aurre, 20:30etik aurrera. Lehen fasean eskainitako ikuskizuna berresteko ilusioz kantxaratuko dira.

Emakumezkoen esku pilotako Laboral Kutxa Udako Torneoa azken txanpara iritsi da, eta gaur arratsaldean merezi duen ginga jarriko dio Aitzuri pilotalekuan, Amaia Aldai-Andrea Capellan eta Maddalen Etxegarai-Enara Gaminde bikoteen arteko finalarekin. Norgehiagoka ikusgarria aurreikusten da; izan ere, lehen fasean lehen postuan amaitu zuten Aldai-Capellanek, eta Oses-Gamindek, beriz, behetik gorako txapelketa egin dute.

Herenegun egin zuten finaleko partidaren aurkezpen ekitaldia, Zumaiako Urolako tren geltoki zaharraren parean. Bi bikoteek ilusio handiz agertu ziren, lehen fasean elkarren aurka eskaini zuten ikuskizunaren parekoa eskaintzeko itxaropenarekin; 22-21 gailendu ziren Aldai-Capellan bikoa, asko sufritu ondoren.

Finalistekin batera, ekitaldian izan ziren Arritxu Iribar Zumaiako Kirol zinegotzia, Gontzal Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidentea eta Marije Etxaniz Laboral Kutxaren babesle arduraduna. Bide batez, herriko eta inguruko pilotazaleei pilotalekura gerturatzeko gonbita luzatu zieten,egungo emakumezko esku pilotaririk onenen jokoaz gozatzera.

Norgehiagoka 20.30etatik aurrera izango da. Bertaratu ezin dutenek internet bidez jarraitu ahal izango dute Emakume Master Cup-en sare sozialetatik.