Amaitzear da Zumaiako Zikloturista Elkartearen bazkarirako izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 25a, 08:00

Elkarteak irailaren 3rako antolatu ditu bazkaria Talaia jatetxean, eta aurrez, 90 kilometroko ibilbidea. Bietan parte hartzeko egin behar da ordainketa.

Zumaiako Zikloturista Elkarteak, urtero bezala, bizikletaz egiteko ibilaldia antolatu du, eta baita bazkaria ere. Irteera eta bazkaria irailaren 3an, larunbatarekin, izango dira, eta astelehenean amaituko da izena emateko epea.

Bizikleta buelta egitera animatzen direnak 08:00etan elkartuko dira Pulpo elkartearen aurrean, eta denera 90 kilometroko ibilbidea egingo dute. Honakoa izango da ibilbidea: Zumaiatik Azpeitiko bidea hartuz, Mandubi igo, Salbatorea jaitsi eta, Ormaiztegi igaro ondoren, Atagoiti gainera iritsiko dira txirrindulariak. Handik Legazpira jaitsi, eta han hamaiketakoa egingo dute indarrak hartzeko. Legazpitik Zumaiara bueltatuko dira.

Bazkaria Zumaian bertan egingo dute, Talaia jatetxean.

Ordainketa aurrez

Ibilaldian parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko dira; itzulia eta bazkaria, berriz, 40 euro kostako dira. Ordainketa egiteko azken eguna astelehena, abuztuak 29, izango da, eta bi modu daude: Laboral Kutxan ES03 3035 0037 49 0370022208 kontuaren bitartez, edo Bizum bitartez, 618 00 91 63 telefono zenbakian. Izen-abizenak adierazi beharko dira.