K-2 1.000 metroko Europako finalerako sailkatu da Iñigo Peña

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 18a, 16:09

Gaur zuzenean sailkatu da igandeko finalerako Paco Cubelos kidearekin, eta sentsazio onekin aritu direla azaldu die Basque Teamekoei. Denboraldiaz ere balorazio ona egin du piraguista zumaiarrak.

Munichen, Alemanian, ari dira jokatzen piraguako Europako Txapelketa egunotan, eta hantxe da Iñigo Peña piraguista zumaiarra.

Gaur bertan aritu da K-2 1.000 metroan Paco Cubelos kidearekin, eta zuzenean lortu dute txartela igandeko finalerako (11:15ean izango da finala). Gustura azaldu da Peña, finalaurrekoak jokatu beharrik ez duelako izango.

Izan ere, hiru proba ditu zumairrak: K-2 1.000 metro, K-4 1.000 metro eta K-4 500 metro (azken distantzia hori da olinpikoa orain). Azken proba horretan Lazaro Lopez de Haro, Cristian Toro eta Carlos Garrote izango ditu lagun.

Gaur azkarrenak

Gaurko lehian azkarrenak izan dira Peña eta Cubelos 3:19.280 denbora eginda, eta hungariarrei aurrea hartuta; 3:19.766 denbora egin dute horiek.

Hirugarrenak Erresuma Batukoak izan dira, 3:21.436 denborarekin.